BELARRITAKOAK
Zazpi bat urte izanen nituen, baina ongi oroitzen dut amak belarritakoak erosi zizkidan eguna. Belarritakoak bai baino belarrietan zulotxoak egin behar zizkidaten eta ezin nituen momentua paratu. Amak erran zidan igandean meza ondoren izeba Joanarengan ganen ginela eta berak zulatuko zizkidala belarriak. Joana herriko haur guztien izeba zen, bera bai zen mundura etortzen lagundu gintuena.
Aztoraturik gan nintzen eskolara eta ongi azaldu nien nire lagunei belarritakoak nolakoak ziren, izeba Joanak belarrietan zuloak egin behar zizkidala ere erran nien._ Belarrietan zuloak! Eta nola eginen dizkizu zuloak? Galde egin zuen batek. Ba, hori zesarea izanen da bota zuen bertze batek. Berriki zesarea bidez haur bat sortu zen herrian eta ohiz kanpoko gertakizuna zenez haur guztiak nahasiak ibili ginen, Zesarea hitza bera lehendabiziko aldiz aditu genuen, bazuen harako misterio pittin bat eta errekrea orduan gai nagusia zen. Azkenik eskolako lagun adituenak misterioa argitu nahian emakumeari sabelen zulo bat egin eta haurra ateratzea zela zesarea erran zigun._ Ene Jaungoikoa! _ Niri ere zesarea egin behar zidaten! Joan nintzaion amari etsipenean eta galde egin nion. _Ama! Hau eta hau erran didate eskolako lagunek _egia al da zesarea egin behar didatela belarritakoak paratzeko? harrapaladan bota nion. Ama beti bezala sukaldean lanean ari zen eta irri-bartsu begiratuz _ba horrelako zerbait…erantzun zidan inongo inportantziarik gabe. Ba, bai zesarea eginen zidaten. Ezin nuen lorik egin, izu ikaragarria sentitzen nuen, baino_ hain ziren politak nire belarritakoak!_ Ba zesarea egin behar baldi-ma didate hala beza_ pentsatu nuen. Luzea egiten zitzaizkidan egunak, sarritan sartzen nintzen amaren gelan, eta gau-mahitxoaren kajoia ireki eta liluraturik gelditzen nintzen belarritakoak begira. Urrezko arotxo batzuk ziren, altxorra handia niretzako.Eta ailegatu zen eguna, berriro igandea eta meza onduan gan ginen izeba joanarengan eta hartu zuen izebak jostorratza, misto bat biztu eta muturra erre zion, gero kortxo bat belarriaren gibeleko aldean paratu eta _zas! zulatu zidan eskuineko belarria, gero _zas! ezkerrekoa. _A! ze miseria, oraingoan zuloak bai baino belarritakorik ez pentsatu nuen nire baitan. Bi haritxo paratu zizkidan eta _arras ausarta zara nire, ez duzu negarrik egin, ba orain ez ukitu haria, bere gisa eroriko da eta gaur zortzi etorri berriz eta paratuko dizkizut belarritakoak, erran zidan muxu bat ematen zidan bitartean.
Pasatu zien zortzi egun eta bertze hainbertze gaua, paratu zizkidan izeba Joanak belarritakoak, harro itzuli nintzen etxera, are gehiago astelehenean eskolara. Inguratu ninduten eskola kideek, ni printzearena egiten hasi nintzen, orduan nire lagun minak pitxer bat ur hotz bota zidan. _Ba, amak erran dit nik ez ditudala belarrikorik behar guapa naizelako, zuk ostera polita egoteko behar dituzula_ erran zidan, isil une handia egin zen zein eskola ordua gaztigatuz ezkilen dilin-dalan soinuak moztu zuen.
miércoles, 24 de noviembre de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario