lunes, 13 de febrero de 2012

ILOTZAK SURAT

HILOTZAK SURAT
Indiako zazpi hiri sakratuetako bat da Varanasi, Ganges ibaiaren ertzean. Kashi (“guztiz ederra”, “eguzkia bezain distiratsua”, hindi hizkuntzan) zeritzan antzina, eta K.a. 3100. urtean eraiki zuten, Shiva jainkoaren malko bat erori zen lekuan hain zuzen ere.
Honela idatzi zuen (bere garaian) Mark Twain idazle satirikoak:
“Historia aitzinekoa da Varanasi, tradizioa baino antzinagokoa, elezaharrak berak baino lehenagokoa, eta horiek guztiak batera baino bi aldiz zaharragoa dirudi”.
Beraz, inpresio handia eragiten duen hiria da. Bi miloi biztanle ditu, baina baliteke denak erroldatuak ez egotea. Egunero ailegatzen da jendea hirira, garraio mota guztiak erabiliz. Anitz ez dira gehiago etxera itzuliko, batzuk sosik gabe geldituko direlako, bertze batzuk ibai ertzean hil nahi dutelako. Hinduistak bizian behin joan beharreko hiria denez, mota guztietako jendea biltzen da bertara. Eta hantxe nahasten dira kasta guziak, aberatsak eta eskaleak, gazteak eta zaharrak. Animaliek ere badute beren tokia; jendearen artean bizi dira, bertzeak bertze, behiak, zakurrak, bufaloak, basurdeak eta ahuntzak. Varanasin kalean egiten da bizia, usaina, kolorea, erritmoa, asotsa eta kutsadura dira han garaile, eta horien guztien gainetik errezoak, abestiak eta erreguak.
2.510 kilometro luze da Ganges, “Jainkosa Ibaia”, munduko ibai kutsatuenetako bat. Haren ertzetan milaka hilotz erretzen, eta errautsak urera segidan jaurtitzen, dituzte egunero. Hinduisten artean deus ez da hala ezaguturik, nola baita beren hilez hartzen duten arreta berezia. Badakite heriotzarekin arima galtzen ez dela, eta bertan gelditu den gorputza berriz arimarekin bat egin beharra dela. Nonahi prestatzen dituzte egur-metak hilotzak gainean hartzeko prest. Hildakoa gizonezkoa bada, haren ondoan egoten da andre alarguna, kaskamotz eta zuriz jantzirik. Ingelesak Indiara ailegatu baino lehen, senarrarekin batera erretzen zuten emaztea. Gero, izugarrikeria hori debekatu zutenean, ibaiaren bazterrean gelditzen dira andre alargunak hil arte. Seme zaharrenak pizten du su-txondorra, eta ondoan gelditzen da, jite agurgarrian, amatatu arte.
Bufaloak uretan bainatzen ari diren bitartean, ibai bazterrean biluzten da jendea eta, arropa garbitu eta eguzkian hedatu ondoren, bainatu eta jantzi egiten da berriro. Erromesak fede handiz bertan bainatzen ari diren bitarte horretan, kometak zerurantz astintzen aritzen dira haurrak, bizar mozten barberak, eta zein bere egitekoan gainerako guztiak: masajistak, sukaldariak, saltzaileak, erosleak, turistak…
Surrealista xamar gertatzen da hau guztia nire antzeko baten begietan. Alabaina, erlijio bat baino areago, bizimodu bat da hinduismoa. Hinduisten sinesteetan ez dago sortzailerik, hinduismoak ez dauka elizarik, ez eta gidaririk ere. Veda testuetan ageri diren herri gurtzeak, ohiturak eta sinesmenak dituzte hinduistek bere erlijioaren funts eta oinarri. Betikoa da Veda , ez du hasierarik ez bukaerarik. Milaka urtetan zabaldu da, ahoz aho. Testuak berandu idatzi ziren, K.a. 700. urtearen inguruan, baina ahozkoa da benetako Veda , bere doinuak ditu eta gauzak horrela direla irakasten diete maisuek ikasleei. Mila milioi jarraitzaile ditu hinduismoak, eta 330 bat milioi jainko gurtzen dituzte haren jarraitzaileek aldi berean, mota askotako jainkoak eta jainkosak baitituzte: piztiak, zuhaitzak, mendiak eta ibaiak, loreak, lurrinak, koloreak… Izena duen guztia da gurgarria. Egunerokoan bizi dituzte hinduistek jainkoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario