miércoles, 3 de noviembre de 2010

INDIA, EZEZAGUN HORI

Indiara noa eta bisitatu behar dudan herrialdea ulertu nahian dokumentatu nahi izan dut, baina handiegia da; bertze mundu bat da, erabat; maitatzen saiatuko naiz.

Ostatu baten terrazan eserita omen zegoen “Oscar Wilde” lagun bat aztoraturik hurbildu zitzaionean:
Kaixo lagun! Aspaldiko. –Ze habil. Agurtu zuen laguna.
Ba, hementxe, lur jota nauk. Emakumeak… Ez dizkiat konprenitzen emakumeak.
Erantzun zion lagunak.
- Baina, gizona! Emakumeak ez dituk konprenitzeko, maitatzeko baizik.
Erantzun zion Oscarrek.


Ran gure gidariak, autobusez gindoazela, nekazari emazteki baten eguneroko bizimodua kontatu zigun ipuin modura. Arras kontalari ona zen eta hunkitu ninduen. Arrapaladan sartu nintzaion eta nire jakin-mina ase nahian milaka galdera egin nizkion. Beti erantzun zidan nahiz eta batzuetan nire galderak nahiko zorrotzak izan. Gizona Salamankan ikasia zen, azkarra eta kultua. Kontatu zidanez, semea Londresen medikuntza bukatzen ari zen eta itzultzerako andregai bat hautatua zuen beretzat. Andre gaia ere medikua zen eta bere familiarekin dotea negoziatzen ari zela ere esan zidan.
- Eta zure semea ados dago? Galde egin nion.
- Bai, noski! Nork daki gurasoek baino hobeki zer komeni zaion seme bati?- Erantzun zidan.
Dotearen xehetasunak ere eman zizkidan, ez naiz hasiko dena hemen azaltzen, baina gauza batek sabelean zimiko egiten dit: beretzat urrezko eraztun bat, harri bitxi eta guzti, eskatu zuela erran zidan. Miserablea! Horixe iruditu zitzaidan gizona momentu horretan.
Gure bidaian non nahi ikusten nituen emakumeak landetan lanean sari koloretsuz jantziak, lirainak eta malguak, pinpilinpauxen antzera.
Sari gorriz jantzia, kopeta dindatua zeukan. Arras gaztea zirudien eta hitza emanen diot.



EZKONBERRIA NAIZ… Goizeko ordu ttikian hasi da nire eguna. Lehendabiziko argiekin egunero bezala gan naiz errekara nire beharrak egin, garbitu eta apaintzera. Etxean sartzean senarra agurtu dut, lanera doa, eguzkiak berotu baino lehen nahi ditu artoak jorratu. Sukaldean bizpahiru orduko lana daukat. Familia handia gara, eta helduak eta haurrak jaiki baino lehen gosaria prestatu behar dut.
- A ze negarrak egina naizen! Amak gaztigatu ninduanean nire ezkontza prestatzen ari zela hasi ziren nire ezinegonak. Polita nintzela eta mutil jator bat aukeratu zutela niretzat erraten zidan amak. Baino nik ez nuen ezagutzen mutila eta, ezagutu ere, ez nuen ezkondu arte ezagutuko. Etxean bazituzten arazoak, dotea prestatu behar zuten eta alaba gazteena naizenez dirurik gabe gelditu ziren. Ahizpa zaharrenak ezkondu zirenean ahuntzak saldu behar izan zituzten dotea eman ahal izateko. Nire ezkontza prestatzeko zorrak egin dituzte etxean.
Ospakizuna besta egiteko areto bat oihalezko sabaiarekin prestatu zuten, lurrean tapizak eta kuxinak esertzeko, kandelak loreak eta argiak dotore paratzeko. Janariak eta edariak ere ausarki erosi zituzten gonbidatuak eroso egon zitezen. Gero nire uztai-saria edo dotea zegoen: senargaiaren familia handia zen eta horrek anitz garestitzen zuen. Zetazko saria eta urrezko belarritako eta eraztuna senargaiaren amarentzako, urrezko ordularia eta zetazko jantzia aitarentzako, etxeko emaztekiei kotoizko sari bana, gizonei jantzi bana eta anai zaharrenaren semerentzako motua eskatu zuen senargaiaren familiak. Denbora handia egin zuten bi familiek tratua egiteko. Amak zin egin zidan adostasun osora ailegatu zirela eta ez nuela aurpegiraturik ukanen. Nire esku zegoela aitzinean senarra pozik egon zedin: bere nahiak bete behar nituela nireak ahantziz erran zidan. Orduan ez nuen ongi ulertu amak erran nahi zidana, baino hasi naiz konprenitzen…
Nire gauza pertsonalak, sukalde altzariak, lo egiteko estalkiak, hiru sari, bat gorria, ezkontzarako bertze bat zuria alargun gelditzen banintz, eta egunerokoa. Oinetakoak. Harribitxiak, lepokoak, eskumuturretakoak, belarritakoak, eraztunak, horiek denak eta ezkutuan, kutxa batean, sos batzuk sartu zizkidan amak.
- Gau eta egun zaindu ongi zure kutxa alaba maitea- erran zidan amak, kuxin polit bat ematen zidan bitartean. -Hartu hau gainean lo egiteko, goxo eginen dizu.

Sukaldean batzuetan zozotua gelditzen naiz, oraindik ere amarekin oroitzen naiz. Amaginarrebak zorrotz behatzen nau. Ez naiz sukaldari trebea, Barazkiak garbitu moztu eta egosi, arroza irakin, irina oratu, gurina irabiatu. Esnea gatzatu eta gasna egin. Espeziak banaka eho, gero nahasi. A, espeziak! Jira, haldi, ádrak, kala, sarsó, hing, dhaniá, ilahichi, mehti, long, sonf, ajwain, til, dalchini, késar, imli, amchur, kalá ,hará, mircha… Ze lanak ematen dizkidaten espeziek, batzuetan min edo geza ala gozo, oreka ezin hartu…

Lehen goizero behia jetzi eta askatu egiten nuen, gero ura garraiatu, eta egurra bildu sua egiteko. Gustura ibiltzen nintzen goizeko ihintza zapaltzen, libre sentitzen nintzen, familia berriak itotzen ninduen, bakarrik egoteko gura nuen. Baino haurdun nago eta amaginarrebak sukalde ardura eman dit. Ardura handiko lana da, batez ere familia handia garelako , denetara hogeita lau lagun. Egia errateko koinatek laguntzen didate, batez ere ahal den moduan norberaren gustuak egiten.

Haurrak gosaldu eta eskolara gaten dira. Helduak astiro beren aferetan gelditzen dira, eta, orduan, ni senarrarengana gaten naiz gosariarekin. Nire eguneko unerik hoberena da. Saria ongi apaindu; eskumuturrekoak, belarritakoak eta eraztunak paratu eta sakia buruan alai abiatzen naiz landara. Senarrak urrunetik ikusten nau, epeka burua goratzen du ea ailegatzen naizen. Zuhaitz baten gerizpean egokitu eta otordu printzipala elkarrekin egiten dugu. Lehendabizi senarrak jaten du, gero nik platerean niretzat uzten duena. Emakumeok gizonak baino gutxiago jaten dugu, senarra baino lehenago hiltzea da gure nahia. Bakarrik egoten garen denbora bakarra da. Gure aferez mintzatzen dugun aldia laburra egiten zait, bere ondoan ongi sentitzen naiz, maite dut bere usaina, eseritako tankera, hitz egiteko modua…

Nirekin goxoa da, elkarrekin egoteko gogoa gero eta handiagoa da. Gauean emakumeen aretoan nire kutxaren gainean beti nago adi senarraren keinu baten zain. Baratzera joaten gara, badugu gure altxapea, pikondo baten azpian tapiz baten gainean ordu gozoak egiten ditugu.

Senarrarekin gosaldu ondoren etxerako bidean burua datorkit ezkontzera etorri zen eguna…

Zaldiz zetorren durbante eder bat buruan elegante jantzia, soinujole eta dantzari artean bere familia osoarekin. Nire gurasoek apaizarekin ongi etorria eman ondoren herriko jendearekin batera otordu bat egin zuten. Ni etxeko emakumeekin ezkutatuan nengoen, gorriz jantzia eta bitxiz gainezka, oinazpi eta esku-azpiek jenarekin margotu zizkidaten ugalkorra izan nendin. Hantxe egon nintzen zetazko kuxinen gainean eserita orduak asper-asper egina, gosez amorratua… Aretoa etxetik gertu propioki apaindu genuen aurreko egunetan. Lore girlanda eta kandela anitz ipini gintuen. Herriko jendea lekutu zenean gauez berandu familia artekoekin eztei aldarearen erdian su sakratuaren inguruan elkartu nintzen senargaiarekin lehenbiziko aldiz. Baina aurpegiak estalita genituenez ezin genuen elkar ikusi. Denbora luzea egin zuen apaizak matrak errezitatzen. Doi-doi iraun nuen zorabiatu gabe. Zazpi itzuli su sakratuari eman ondoren senarrak aurpegia desestali zidan eta kopeta gorriz tindatu. Aitzinen egunero gorriz tindatzen dut kopetako ile sarrera.
Amets baten antzera oroitzen dut egun hura. Zein hodei baten barnean banintza lausoki dakusat. Panpina baten antzera jantzi ninduten, apaindu eta zaindu ere, ez neukan borondaterik, desiorik, nire buruaz erabakitzen zuten. Familia osoaren ispilu sentitzen nintzen. Nire edertasuna saltzen ari baziren bezala.

Udaberria zen eta bero ikaragarria egiten zuen. Astrologoei kontsulta egin ondoren hautatu zen eguna: ederra zen garaia ezkontzeko, landak eta baratzak loratuak zeuden eta lore usainak airea blaitzen zuen. Eguna luzea eta ilargi betea . A ze parranda egin zuten gazteek!
Senarrarekin otordu bat egin nuen, barau eginak ginen errituak iraun zuen denbora osoa eta hagitz gosetuak ginen. Hurrengo goizean segizioarekin nire etxe berrira abiatu nintzen. Ezin nion negar egiteari utzi, zotinak itotzen ninduen, baina aldi berean baneukan harako ilusio antzeko bat. Pixkanaka ganen nintzen familia berrian nire tokia finkatzen. Ailegatuko zen nire sukalderen jabe izanen nintzen tenorea. Jainkoei eskatzen nion gure ezkontza ugalkorra izan zedin.

Amatxirekin ere akordatzen naiz. Ttikitan bere altzoan egoten nintzen, panpinak egiten zizkidan, bere kuttuna nintzen. Duela denbora guti aitatxi hil zen eta bere errautsak hartu eta Ganges ibai Jainkosara botatzera gan zen. Alargun gelditzean galdu zuen bere tokia eta errespetua etxean, soberan zegoen: nire amak hartu zuen leinua, sukaldearen ardura eta familiaren zuzendaritza. Moztu zuen amatxik ilea, kopetan marra zuri bat egin eta sari zuria jantzi zuen.Berrogeita hamar urte elkarrekin egonak ziren eta ez zuen senarrarengandik banandu nahi. Alai abiatu zen,- hiltzeko sortzen gara eta sortzeko hil-, erraten zuen amatxik, hortaz Ganges ertzean eginen ditu bere azken egunak, berriro sortzeko hil arte. Badakit amatxi zoriontsua dela, Ganga Jainkosaren babesean dagoela, baina tristura handia sentitzen dut.
Ganges ibai-jainkosak har ditzan gure gorpuaren errautsak da gure gura. Milaka pertsona hurbiltzen da egunero Benares hirira. Batzuk zerraldo bertan erre eta zerak urari eskaintzeko. Baina garesti egiten da bertan gorpua erretzea. Eskaera ikaragarria da, gau eta egun eten gabe aritzen dira “uki ezinak” hilotzak erretzen. Egurra, hil-mihiseak eta eskaintzak ere beraiek saltzen dituzte eta arras garestiak dira. Baina badira ere bertan hiltzeko asmoekin gaten direnak. Edo erromes bere uretan araztuz bainu bat hartzera hurbiltzen direnak. Modu anitz daude ibaira heltzeko, badira bere burua saindutzat hartu eta (gehienek gizonezkoak) Gandhi modura zapi zuri bat hanka artean lotsak estaltzeko paratu eta makil bat eskuan oinez joaten direnak. Trenak gainezka ailegatzen dira Benares tren geltokira. Autobusak, automobilak, bizikletak, gurdiak… garraio modu guztiak dira baliagarriak ibaira ailegatzeko.

Herriko emakumeekin errekan elkartzen naiz, arropa garbitzen dugun unean berriketan aritzen gara. Beti dago berriren bat komentatzeko. Ezkontzak, hiletak, jaiotzak, motorrak. Motorrak ari dira herria aldatzen, badirudi gazteek ez dutela bertze gauzarik buruan. Sarritan gaten dira hiri handietan lan egitera, eta lehen kasta baxuenek soilik egiten zituzten lanak egiteko ere prest daude motor bat erosteko dirua lortzeko.
Bada ere zinea ikusteko aukera ukan duena, eta, jakina, hitzetik hortzera ikusitakoa kontatzea behartua egoten da. Bere inguruan eseri eta fantasian murgiltzen gara kontakizunarekin liluraturik. Nik zinea behin ikusi nuen, eta anitz gustatu zitzaidan. Bollywood ekoizleak etorri ziren eta herriko enparantzan oihal handi bat paratu zuten bi zutaberi lotuta, jende guztia eseri zen eta ilundu zuenean hiru orduko emanaldia egin zuten. Dantzak eta abestiak zein borroka, aktoresa eder baten amodio gora beherak tarte. Etxe ospetsuak eta ezinbertzeko janzkerak. Dena gezurretan, ezinezkoa, ametsetan aritzeko zoragarria. Bai maite dut zinea, eta gustatuko litzaidake benetako zine-areto batean pelikula bat ikusteko aukera izango banu.

Haurrak eskolatik etortzen dira eta nik gustuko dun ilobekin jostetan aritzea. Egun osoa egiten dute umeek eskolan, gobernuak otordu bat ematen die eta gurasoek errazago bidaltzen dituzte seme-alabak eskolara. Otorduarena berria da, nire denboretan etxetik eraman behar genuen jatekoa. Ni guti gan nintzen eskolara, behitikoa ukan nuen eta arras gajorik egon nintzen, sendatu nintzenean ahizpa ezkondu zen eta ama laguntzen gelditu nintzen etxean.


Eguna erortzen den moduan biltzen dira senideak etxera. Bai eta animaliak ere, bi behi eta aratzea daukagu. Behi zaharra ez dugu lotzen, ez dadin lotua hil. Haurrei behia laztantzen irakasten diegu, zeren behia baita animalien ama sakratua. Ama lurra oparoa eta emankorra irudikatzen du, eta ematen duena dena da ona: esnea elika, pixa desinfektatzaile eta kaka erregai. Askatasun osoan bere gisa ibiltzen dira herri eta hirietan. Kondairak dio Brakma Jainkoa behi bihurtu eta esnea eman ziola gizakien onurarako. Elikadurarik garbiena kontsideratzen da
Amaginarrebak tea prestatzen du, Esna jengibre eta azukrearekin. Benetan ona da prestatzen duen tea, badirudi erraza dela, baina ez, ez da erraza, urteak behar dira te on bat egiten ikasteko. Opiltxo gozoekin hartzen dugu tea, eguneko azken otordua une oso lasaia izaten da. Emakumeak elkarrekin egoten gara gure gauzaz arduratuta. Gizonezkoak ez dira gure gauzetan sartzen, gure ardura da familiaren elikadura eta haurren heziketa. Izaten ditugu gure ezadostasunak ere, baino ahal den moduan konpontzen ditugu gure tirabirak.

Etxeko atean Ganesh Jainkoaren iduria daukagu. Nik anitz maite dut Ganesh, badakit gozokiak maite dituela eta, hortaz, egunero opiltxo bat eskaintzen diot. Ganesh Parbati eta Sihivaren semea da. Sihva gudara gan zen eta itzultzerakoan etxeko atea babesten mutil eder bat topatu zuen. Mutilak ez zion sartzen utzi eta Sihvak ezpatarekin burua moztu zion. Parvati atera zen.”Gure semea hil duzu!” Oihuka hasi zen, haserre eta sumin handiz, kontsola ezina. Orduan Sihva gan zen lehen bizidunei burua moztu eta semeari eransteko asmoarekin. Suertatu zen elefante batekin topo egitea, moztu zion burua eta mutilari paratu zion.

Ganehs gizona, elefante buruarekin arratoi baten gainean eserita irudikatzen da. Jainko maitagarria, azkarra eta sinpatia handikoa da. Bidean oztopoak kendu eta zorte ona erakartzen du. Ekintza berrien babesle denez egunean une bat hartzen dut berarekin egoteko. Jite agurgarrian bere aitzinen eseri eta Janikoengandik hartutako onurak eskertu ondoren nire zalantza eta bildurak adierazten dizkiot. Eta badira Ganehsi baino azaltzen ez ditudanak; adibidez, senarraren anai zaharrenak begiratzen nauen modu lizuna ez zait gustatzen. Beldurra ematen dit. Eta diot beldurra ematen didala ez dudalako deus egiteko modurik. Nire senarra anai gaztena denez ezin dio deus ukatu anai zaharrenari. Nik jakin badakit hori, hortaz Jainkoari eskatzen diot gizonaren desioa desbidera dezan.
Uzta ona ukan dezagun eta familia kideentzat osasuna. Sabelean daramadan umea mutikoa izan dadin… Beti eskean aritzen naiz, lotsa sentitzen dut. Neurekoia naiz, bai, eta barkamena eskatzen dut. Gero begiak itxi eta mantra sànscrito-n errezitatzen dut, nik ez dut sànscrito ulertzen baino erreguak bakea dagit.


BENARES. Vanarasí , zazpi hiri sakratuetako bat da Indian. Ganges ibaiaren hertzean kokatzen da. Antzinen Kashí deritzo (guztiz ederra, eguzkia bezain distiratsu) K. A. 3.100 K.L. Shivá Jainkoak eraikin zuen. Gero Satí bere emazteak bere buruz bertze egin zuen, bere buruari su eman zion eta ezkerreko eskua Ganges ibaira erori zen Vanarasí-n.
Mark Twain idazle satirikoek bere garaian hau idatzi zuen._ Vanarasí historia antzinakoa da, tradizioek baino lehenagokoa, kondairak baino zaharragoa eta badirudi horien denen antzinakoa dela_
Beraz inpresio handia sortzen duen hiria da. Bi miloi biztanle ditu baino baliteke denak erroldatuak ez egotea. Egunero ailegatzen de jendea hirira, garraio mota guztiak erabiliz. Anitz ez dira gehiago etxera itzuliko, batzuk sosik gabe gelditu direlako, bertze batzuk ibai hertzean hil nahi dutelako. Hinduistek bizian behin gan beharreko hiria denez mota guztietako jendea aurkitzen da bertan. Eta hemen nahasten dira kastak, aberatsak eta eskaleak, gazteak eta zaharrak. Animaliak ere badute bere tokia, behiak, zakurrak, bufaloak, basurdeak eta ahuntzak bertzeak bertze.
Ganges,ibai Jainkosa munduko ibairik kutsatuenetakoa da, 2.510kilometro ditu, bere hertzen egunero milaka hilotz erretzen dira errautsak bertan isuriz, bufaloak bere uretan bainatzen dira, jendea biluztu arropa garbitu eguzkian hedatu bainatu eta jantzi egiten da. Erromesak fede handiz bertan bainatzen dira. Haurrek kometak zerura astintzen, barberuak, masajistak, sukaldariak, saltzaileak, erosleak, turistak… Beraz agnostiko batentzako nahiko surrealista egiten da baino Hinduismoa erlijio bat baino gehiago bizi modu bat da. Hinduismoan ez dago sortzaile bat, ez dauka eliza edo zuzentzailerik. Herri gurtzeak, ohiturak eta sinesmenak Veda testuetan bilduak izan zuten sorburu. Veda (anadi, ananta) betikoa da, ez dauka hasiera edo bukaerarik. Milaka urtetan ahoz aho helarazia izana da. Testuak berandu idatzi ziren, 700 k.a. baino benetako Veda ahozkoa da, bere doinuak ditu eta maisuek dizipuluei horrela irakasten diete. Hinduistak 1.000 miloi jarraitzaile baditu, eta 330 miloi Jainko gurtzen dituzte.



DOTEA. Indian emakumeen helburua ezkontza da. Ez dago erdikorik. Ez dago tokirik ezkonge batentzako, ez eta emakume antzu edo alargun batentzako. Hala guztiz ere emakumea da gizartearen zutabea eta tradizioen zaindaria. Tradizio horiek beraien eskubideak zapaltzen badituzte ere. 1961an dotea legez debekatu zen, baino errealitatean areagotu egin da. Indian kontsumoa dotearen eskutik sartu da. Eztei ospakizunak ikaragarriak dira. Familia arrunta bat urtetako zorretan sartzen da alabari dotea emateko. Senarraren familiarekin hartutako konpromisoa ez betetzeak ezkonberriaren bizia arriskuan paratu lezake. Egunero hiltzen dira Indian emakume gazteak etxe istripuz edo bere burua bertze eginez. Bortxaketak nekez salatzen dira, batez ere etxeetan gertatzen direlako. Familiako semeak etxera ezkontzen dira, eta seme zaharrenak anai gaztenaren emazteari harreman sexualak eska litzaioke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario