jueves, 7 de julio de 2016

ALMANDOZ


Boneta berria jantzi zuen nire aitak goiz hartan. Ezkontzeko egin zuen trajea, eta zapata distiratsuak ere. Apezak herriko gizon denak deitu zituen, meza ondoan eliz berriaren lehendabiziko harriaren azpian sartzeko, paper bat sinatu behar zuten. Emakumeak ez zituen deitu.
1954an geunden eta nik 10 urte nituen. Bi urte geroago eliz berria inauguratu zuten, eta besta ederra egin zen herrian. Eliz zaharra bere gisa utzi zuten eta handik gutira erre egin zen (?) Harri biluzian huntz-hostoak besarkaturik dirau. Errepidetik heldu naizen aldiro hondamena ikustean, aitarekin oroitzen naiz; eliza “moroek” egina zela erraten zuen beti; eta Soratea baserria ere, biek zirela “moroek” eginak. Anitzetan galde egiten diot nire buruari, zertaz erraten zuen aitak hori. Arbasoetatik zetorkion informazioa zen doike, ez baizen nire aita asmakizunetan ibiltzen zen gizona. Eta, hala bazen, agian meskita izandakoa...(?) Nork daki?
Almandoz herri ttikia izan da beti. Belateko magalean 450 metrotara, malda batean kokatua. Dozena bat nekazarik lantzen ditu hango lur urriak. Haitzurdin errobiak lan ematen dio bertze dozena bat gizonei. Bertze batzuk Iruña aldera joten dira lanera, baina, duela hogei urte ez bezala,egun, herrian bizi dira. Denetara 215 biztanle. Kaleak garbi, eta etxeak propiki lorez apainduak; bat aipatzekotan apez etxeko ataria doike; apez xarrak berak zaindua.

Antzinatik du bidea, merkatariak ibiltzen zuten, eta dutena. Merkatari eta ibiltari ornitzeko ostatua badu, aspaldi zaharrean zuen bezala. Almandoz izenaren jatorria ez da argia, Alm.. horrek arabiar kutsua ematen dio (?) Apezarekin mintzatu nintzen egun batean. Eliz zaharraren gain deus ez zekiela erran zidan, zalantzari ez zion ezta tartetxo bat ere utzi. Datu bat eman zidan, hamabigarreneko eraikina izan zitekeela norbaitek aipatu zuela... Ez dun datu ttikia, pentsatu nuen nire baitan. Garbituko balute, harriak ongi behatu, harlauzetan zizelkatutako (badaude) hizkiak aztertu. Duintasun pittin bat itzuli,antzinako aztarnei, betiere.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario