lunes, 19 de diciembre de 2016

URTE BERRI ON !

Urtetx! Urtetx!
Urte berri, berri zer dakarzu berri.
Uraren gainean.
Bakea eta osasuna.
Urtetx! Urtetx!

Urte zahar.
Nik atorra zahar.
Maunkarik ez.
Axolarik ez.
Urtex! Urtetx!


martes, 8 de noviembre de 2016

STATUSA

Kazetari bat merkataritza-gune handira hurbildu zen erosleei galdeketa bat egiteren. Mutila gaztea zen. Azken modaren aginduetara jantzia eta orraztua. Marka ezagun batek merkaturatzen zuen telefonoa erosteko ilara egiten zegoen. Telefonoa ia mila eurotan salten zen, eta pittin bat lotsatu ere egin gabe;” horrelako telefono batek statusa bema, eta niretzako statusa garrantzitsua da.” erantzun zion mutilak, telefonoaren abantailez kazetariak galdetu zionean.
Non datza norberaren statusa?


lunes, 31 de octubre de 2016

DRAGUT


Dragut, Bizar Gorri pirataren “lugar tenientea” zen, itsaslapur gotorra, Ziklada irlak konkistatu nahian 1498 urtean, txalupa batean haietara ailegatu zen. Txalupan, kutxa handi batean altxor ikaragarria zeraman. Ierakas irlako arroketan altxorra altxatzeko kobazulo aproposa aurkitu zuen, harkaitz artean putzu handi baten muturrean leize sakon bat. Hartu zuen altxorra piratak bi marinelen laguntzarekin, eta leizean kutxa sartzerakoan marinelak zituen bultzatu altxorrarekin batera leize barnera. Bi gizonak marrumaka gelditu ziren leizean atera ezinik.


 Dragu-ren txalupan mutiko gazte bat zihoan, eta dena ikusi zuen. Mutikoa, handitu zen eta Lepanto-ko gudan zauritua, 1571 urtean agure zahar bat izanik, Ierakas-era itzuli zen. Txalupa kaian bildu, etxekoak agurtu eta. altxorra bila joan zen. Leizean bi marinelen marrumak entzun zituen, sartu zen gizonak salbatzeko asmoarekin baina oihartzunak besterik ez ziren. Atera ezinik gelditu, eta etsipenean negarrari eman zion. Orduan marinelen arimak errukiturik agurea txori bihurtu zuten. Hegan atera zen gizona. Handik gutira, zuhaitz batean zegoela bere hiletak ikusi zituen. 

jueves, 7 de julio de 2016

ALMANDOZ


Boneta berria jantzi zuen nire aitak goiz hartan. Ezkontzeko egin zuen trajea, eta zapata distiratsuak ere. Apezak herriko gizon denak deitu zituen, meza ondoan eliz berriaren lehendabiziko harriaren azpian sartzeko, paper bat sinatu behar zuten. Emakumeak ez zituen deitu.
1954an geunden eta nik 10 urte nituen. Bi urte geroago eliz berria inauguratu zuten, eta besta ederra egin zen herrian. Eliz zaharra bere gisa utzi zuten eta handik gutira erre egin zen (?) Harri biluzian huntz-hostoak besarkaturik dirau. Errepidetik heldu naizen aldiro hondamena ikustean, aitarekin oroitzen naiz; eliza “moroek” egina zela erraten zuen beti; eta Soratea baserria ere, biek zirela “moroek” eginak. Anitzetan galde egiten diot nire buruari, zertaz erraten zuen aitak hori. Arbasoetatik zetorkion informazioa zen doike, ez baizen nire aita asmakizunetan ibiltzen zen gizona. Eta, hala bazen, agian meskita izandakoa...(?) Nork daki?
Almandoz herri ttikia izan da beti. Belateko magalean 450 metrotara, malda batean kokatua. Dozena bat nekazarik lantzen ditu hango lur urriak. Haitzurdin errobiak lan ematen dio bertze dozena bat gizonei. Bertze batzuk Iruña aldera joten dira lanera, baina, duela hogei urte ez bezala,egun, herrian bizi dira. Denetara 215 biztanle. Kaleak garbi, eta etxeak propiki lorez apainduak; bat aipatzekotan apez etxeko ataria doike; apez xarrak berak zaindua.

Antzinatik du bidea, merkatariak ibiltzen zuten, eta dutena. Merkatari eta ibiltari ornitzeko ostatua badu, aspaldi zaharrean zuen bezala. Almandoz izenaren jatorria ez da argia, Alm.. horrek arabiar kutsua ematen dio (?) Apezarekin mintzatu nintzen egun batean. Eliz zaharraren gain deus ez zekiela erran zidan, zalantzari ez zion ezta tartetxo bat ere utzi. Datu bat eman zidan, hamabigarreneko eraikina izan zitekeela norbaitek aipatu zuela... Ez dun datu ttikia, pentsatu nuen nire baitan. Garbituko balute, harriak ongi behatu, harlauzetan zizelkatutako (badaude) hizkiak aztertu. Duintasun pittin bat itzuli,antzinako aztarnei, betiere.  

martes, 5 de enero de 2016

ZURITABELTZA

Osagaiak

Bildotsaren erraiak, hankak eta odola
6 arrautza
Tipula eta perrexila
 Tomatea, xarpota, piper mina eta gatza

Bildots hesteak  garbitu eta bi partetan utzi
 Hankak zuritu
Odola gatzatu eta hiru partetan utzi

Bildots hankak egosi ondoren heste parte bat hanka bakoitzean biribildu
Heste parte bat zartaian frijitu eta tipula eta perrexilarekin tortilla bat egin
Odol gatzatu parte bat eta perrexilarekin zartaian tortilla bat egin

Buztinezko kazuela batean tipula, bildots gibela eta muinak egosi ondoren, hankak hesteekin biribilduak, hesteekin egindako tortilla zatitua, odol gatzatuekin egindako tortilla zatitua, eta odol gatzatu parte bat hau ere zatitan erantsi. Aldez aurretik egositako tomatea gehitu.
Xarpota, piper mina eta gatza nahi bezala.
  

Plater xumea bezain xarmanta, artzainak bildotsa garbian saldu, eta emazteak erraiak profitatzen zituen.