Ebro ibaiaren bertze aldeko muinoak zuriak eta luzexkak ziren. Ez zegoen itzalik ez zuhaitzik alde honetan, eta geltokia bi trenbide artean zegoen, eguzkitan. Geltokiko eraikinak itzal sargori bat ematen zuen, eta kanaberaz egindako errezela batek babesten zuen tabernako atea, euliak sar ez zintezten. Eraikinaren kanpoko aldean, mahai batean zeuden, itzalean, amerikanoa eta berarekin zihoan neskatxa. Hagitz bero zegoen, eta Bartzelonatik zetorren trena berrogei minutuan iritsiko zen. Bidegurutze hartan bi minutuko geldialdia egin eta Madril aldera jarraitzen zuen.
— Zer hartuko dugu? –galdetu zuen neskatxak. Erantzi eta mahai gainean utzia zeukan kapelua.
— Bero handia zagon –erran zuen mutilak.
— Garagardoa har dezagun.
— Bi garagardo –erran zuen mutilak–, errezelaren bertze aldera zuzenduta.
— Handiak? –galdetu zuen emakume batek ateko izkinatik.
— Bai, bi handi.
Bi baso garagardo eraman zituen emakumeak. Mahai gainean jarri eta mutilari eta neskatxari beha gelditu zen. Muinoen muga-ilarari begira zegoen neskatxa. Zurixka ageri zitzaizkion eguzkipean, eta nabar eta idor landa.
— Elefante txuriak dirudite –erran zuen.
— Ez dinat sekula horrelakorik ikusi –erran zuen mutilak–, eta garagardo zurrupada bat hartu zuen.
— Ez, ez dituk ikusi ahal izan.
— Ikusi ahal izan ditinat –erran zuen mutilak–. Ezin izan ditudala ikusi hik errateak ez din deus frogatzen
Errezelari beha gelditu zen neskatxa.
— Zerbait margotua zagok –erran zuen–. Zer dio?
— Anís del Toro. Edari bat dun.
— Dasta genezake?
— Aizu! –egin zuen mutilak oihu errezeletik zehar.
Tabernatik atera zen emakumea.
— Lau erreal.
— Anis del Toro nahi dugu.
— Urarekin?
— Urarekin nahi dun?
— Ez zakiat –erran zuen neskatxak–. Ona al da urarekin?
— Ez zagon gaizki.
— Urarekin nahi al duzue? –galdetu zuen emakumeak.
— Bai, urarekin.
— Erregaliz zaporea zaukak –erran zuen neskatxak–, eta mahai gainean utzi zuen basoa.
— Beti gertatzen dena.
— Bai –erran zuen neskatxak–. Denak zaukak erregaliz zaporea. Denboretan probatu nahi izan ditudan gauza horiek guztiek batez ere, absentak adibidez.
— O!, aski dun.
— Herori hasi haiz –erran zuen neskatxak–. Libertitzen ari ninduan ni. Ongi pasatzen.
— Beno ba, saia gaitezen ongi pasatzen.
— Oso ongi. Saiatzen ari ninduan ni. Erran diat mendiek elefante txurien itxura dutela. Ez ote da zerbait distiratsua izan?
— Distiratsua izan dun, bai.
— Nahi nian edari berri bat dastatu. Hori ari gaituk egiten, ez da? Gauzak ikusi eta edari berriak probatu.
— Agian.
Mendiei begira jarri zen neskatxa.
— Ederrak dituk mendiak benetan –erran zuen–. Izan ere, ez ditek elefante txurien antzik. Zuhaitz artean ematen duten koloreari buruz baizik ez ninduan ari.
— Hartuko ote dugu bertze kopa bat?
— Tira, ba!
Haize ufada bero batek astindu zuen tabernako errezela.
— Garagardoa ona eta hotza zagok –erran zuen mutilak.
— Bikaina –erran zuen neskatxak.
— Ebakuntza sinple bat bertzerik ez dun egiaz, Jig –erran zuen mutilak–. Ebakuntza ere ez dun, zehatzago errateko.
Lurrari beha zegoen neskatxa, mahaiaren hankak gelditzen ziren lekura hain zuzen ere.
— Bazakinat ez hauela hunkituko, Jig. Ez dun deus, benetan. Airea sartzeko bertzerik ez dun.
Neskatxak ez zuen deus erran.
— Hirekin joanen naun, eta etengabe egonen naun hirekin. Aireari sartzen utzi eta erabat naturala dun gero guztia.
— Eta zer eginen dugu gero?
— Ongi egonen gaitun gero. Lehen bezala.
— Zerk bultzatzen hau horrela izanen dela pentsatzera?
— Hori dun kezkatzen gaituen bakarra. Zorigaizto egiten gaituen bakarra.
Eskua luzatu eta errezelaren ertza atxiki zuen neskatxak.
— Eta uste duk gero dena ongi joanen dela eta zoriontsuak izanen garela?
— Bazakinat horrela izanen garela. Ez dun zertaz kezkatu behar. Jende anitz ezagutzen dinat hori egin duena.
— Bai eta nik ere –erran zuen neskatxak–. Eta gero zoriontsuak izan dituk.
— Beno –erran zuen mutilak–, ez badun nahi ez dun egin behar. Nahi ez badun ez haut horretara behartuko. Baina, bazakinat arras erraza dela.
— Eta, egiaz nahi duk hik?
— Uste dinat hoberena izanen dela. Baina ez badun nahi ez dinat egitea nahi.
— Eta, egiten badut zoriontsua izanen haiz eta gauzak lehen bezala izanen dituk eta maiteko nauk?
— Orain maite haut. Badakin maite haudala.
— Bazakiat. Baina egiten badut, gustatuko ote zaik orduan ere gauzak elefante txuriak bezalakoak direla esatea.
— Izugarri gustatuko zaidan. Orain ere hala iruditzen zaidan; zera dun, orain ezin dudala horretaz pentsatu. Badakin nola jartzen naizen kezkatzen naizenean.
— Egiten badut, utziko diok kezkatzeari?
— Ez naun horretaz kezkatuko, gauza erraza dun-eta.
— Orduan eginen diat. Ezen, bortz axola zerbait gertaturik ere.
— Zertaz ari haiz?
— Ba, ez zaizkidak deus axola ondorioak.
— Bena niri bai, axola zaizkidan.
— O, bai. Baino niri ez zaizkidak axola. Eta eginen diat eta orduan dena joanen duk ongi.
— Horrela sentitzen bahaiz, ez dinat egin dezaan nahi.
Zutitu eta geltokiko beste muturrerantz abiatu zen neskatxa. Han, bertze aldean, labore-landak eta zuhaitzak luzatzen ziren, Ebro ibaiaren bazterretan. Urrunago, ibaiaz bestaldera, ageri ziren mendiak. Labore-landak zeharkatzen ari zen hodei baten itzala, eta zuhaitzen artean sumatu zuen neskatxak ibaia.
— Hau dena gurea izan zitekean –erran zuen neskatxak–. Dena eduki genezakean eta ezinago bihurtzen ari gaituk egunez egun guztia.
— Zer dion?
— Dena eduki genezakeela erran diat.
— Dena eduki zezakenagu.
— Ez, ezin diagu.
— Mundu osoa eduki zezakenagu.
— Ez, ezin diagu.
— Edonora joan gintezken.
— Ez, ezin diagu. Ez duk dagoeneko gurea.
— Gurea dun.
— Ez, honezkero ez. Eta behin kenduz gero ezin duk berreskuratu.
— Baina ez ziguten kendu.
— Beno, itxaron ezak eta ikusiko duk.
— Itzalera itzul hadi–erran zuen mutilak–. Ez zagon horrela jartzerik.
— Ez nauk inola jartzen –erran zuen neskatxak–. Gauza duk gauzatxo batzuen jakinen gainean naizela.
— Ez dinat gogoko ez dunana egiterik nahi.
— Ez eta niretzat txarra datekeen zernahi ere –erran zuen neskatxak–. Bazakiat. Bertze garagardo bat?
— Ados. Baina ulertu behar dun…
— Ulertzen diat –erran zuen neskatxak–. Ez genikek agian horretaz mintzatu behar?
Berriro eseri eta, haraneko alde lehorreko muinoei behatu zien neskatxak. Neskari begiratu zion mutilak eta mahaiari beha gelditu zen ondoren.
— Argi ulertu behar dun –erran zuen mutilak– heuk nahi ez badun neronek ere ez dudala egin dezaan nahi. Hiretzako garrantzitsua bada prestu naun urrats hori egiteko.
— Hiretzat ez dik garrantzirik ala? Gaindituko genikek.
— Horixe baietz, badin niretzat garrantzia. Baina nik ez dinat hi bertzerik maite. Ez dinat inor gehiago nahi. Eta bazakinat arras erraza dela.
— Bai, badakik arras erraza dela.
— Ongi zagon hik erratea, baina ongi zakinat nik hori.
— Eta orain? Mesede bat egin hiezadake?
— Bai, horixe.
— Mesedez mesedez mesedez mesedez, isilduko al haiz?
Mutilak ez zuen deus erran, eta geltokiko paretaren kontra zeuden maletei begiratu zien. Gaua elkarrekin eginiko hotelen etiketak zeramatzaten.
— Baina, ez dinat egin dezaan nahi —erran zuen mutilak–, berdin zaidan erabat.
— Oihuka hasiko nauk –erran zuen neskatxak.
Tabernatik atera zen emakumea bi baso garagardorekin, eta mahaian utzi zituen.
— Bortz minutuan ailegatuko da trena –erran zuen.
— Zer esan du? –galde egin zuen neskatxak.
— Trena bortz minutuan ailegatuko dela.
Esker oneko irribarre alaitsu batez begiratu zion neskatxak emakumeari.
— Maletak geltokiaren bertze aldera eramanen ditinat –erran zuen mutilak.
Irribarretsu begiratu zion neskatxak.
— Oso ongi. Itzuli eta garagardoa bukatuko diagu.
Bi maleta astunak hartu eta bertze trenbideraino eraman zituen mutilak. Trenbideak galtzen ziren hartaraino begiratu zuen baino ez zuen trena ikusi ahal izan. Itzultzerakoan tabernatik igaro zen; jendea bildua zen hartara, zerbait edatera, trenaren zain zegoen bitartean. Anis bat hartu zuen barran eta jendeari begira jarri zen. Trenaren zain zeuden guztiak, zintzo. Kanabera-errezela gurutzatu eta han zirauen neskatxak irribarretsu.
— Hobeki hago? –galde egin zion mutilak.
— Ongi nauk –erran zuen neskatxak–. Ez zaidak deus gertatzen. Ongi nauk.
Ernest Hemingway. Colinas como elefantes blancos
Lola Sarrateak itzulia
No hay comentarios:
Publicar un comentario