lunes, 12 de noviembre de 2012

ELEFANTE TXURI ANTZEKO MUINUAK






Ebro  ibaiaren  bertze  aldeko  muinoak  zuriak eta luzexkak  ziren. Ez zegoen  itzalik  ez  zuhaitzik  alde  honetan, eta  geltokia  bi trenbide artean zegoen, eguzkitan. Geltokiko eraikinak itzal sargori bat ematen zuen, eta kanaberaz egindako errezela batek babesten zuen tabernako atea, euliak sar ez zintezten. Eraikinaren kanpoko aldean, mahai batean zeuden, itzalean, amerikanoa eta berarekin zihoan neskatxa. Hagitz bero zegoen, eta Bartzelonatik zetorren trena berrogei minutuan iritsiko zen. Bidegurutze hartan bi minutuko geldialdia egin eta Madril aldera jarraitzen zuen.
                                   
— Zer hartuko dugu? –galdetu zuen neskatxak. Erantzi eta mahai gainean utzia zeukan kapelua.
— Bero handia zagon –erran zuen mutilak.
— Garagardoa har dezagun.
— Bi garagardo –erran zuen mutilak–, errezelaren bertze aldera zuzenduta.
— Handiak? –galdetu zuen emakume batek ateko izkinatik.
— Bai, bi handi.
Bi baso garagardo eraman zituen emakumeak. Mahai gainean jarri eta mutilari eta neskatxari beha gelditu zen. Muinoen muga-ilarari begira zegoen neskatxa. Zurixka ageri zitzaizkion eguzkipean, eta nabar eta idor landa.
— Elefante txuriak dirudite –erran zuen.
— Ez dinat sekula horrelakorik ikusi –erran zuen mutilak–, eta garagardo zurrupada bat hartu zuen.
— Ez, ez dituk ikusi ahal izan.
— Ikusi ahal izan ditinat –erran zuen mutilak–. Ezin izan ditudala ikusi hik errateak ez din deus frogatzen
Errezelari beha gelditu zen neskatxa.
— Zerbait margotua zagok –erran zuen–. Zer dio?
— Anís del Toro. Edari bat dun.
— Dasta genezake?
— Aizu! –egin zuen mutilak oihu errezeletik zehar.
Tabernatik atera zen emakumea.
— Lau erreal.
— Anis del Toro nahi dugu.
— Urarekin?
— Urarekin nahi dun?
— Ez zakiat –erran zuen neskatxak–. Ona al da urarekin?
— Ez zagon gaizki.
— Urarekin nahi al duzue? –galdetu zuen emakumeak.
— Bai, urarekin.
— Erregaliz zaporea zaukak –erran zuen neskatxak–, eta mahai gainean utzi zuen basoa.
— Beti gertatzen dena.
— Bai –erran zuen neskatxak–. Denak zaukak erregaliz zaporea. Denboretan probatu nahi izan ditudan gauza horiek guztiek batez ere, absentak adibidez.
— O!, aski dun.
— Herori hasi haiz –erran zuen neskatxak–. Libertitzen ari ninduan ni. Ongi pasatzen.
— Beno ba, saia gaitezen ongi pasatzen.
— Oso ongi. Saiatzen ari ninduan ni. Erran diat mendiek elefante txurien itxura dutela. Ez ote da zerbait distiratsua izan?
— Distiratsua izan dun, bai.
— Nahi nian edari berri bat dastatu. Hori ari gaituk egiten, ez da? Gauzak ikusi eta edari berriak probatu.
— Agian.
Mendiei begira jarri zen neskatxa.
— Ederrak dituk mendiak benetan –erran zuen–. Izan ere, ez ditek elefante txurien antzik. Zuhaitz artean ematen duten koloreari buruz baizik ez ninduan ari.
Hartuko ote dugu bertze kopa bat?
Tira, ba!
Haize ufada bero batek astindu zuen tabernako errezela.
— Garagardoa ona eta hotza zagok –erran zuen mutilak.
— Bikaina –erran zuen neskatxak.
— Ebakuntza sinple bat bertzerik ez dun egiaz, Jig –erran zuen mutilak–. Ebakuntza ere ez dun, zehatzago errateko.
Lurrari beha zegoen neskatxa, mahaiaren hankak gelditzen ziren lekura hain zuzen ere.
— Bazakinat ez hauela hunkituko, Jig. Ez dun deus, benetan. Airea sartzeko bertzerik ez dun.
Neskatxak ez zuen deus erran.
— Hirekin joanen naun, eta etengabe egonen naun hirekin. Aireari sartzen utzi eta erabat naturala dun gero guztia.
— Eta zer eginen dugu gero?
— Ongi egonen gaitun gero. Lehen bezala.
— Zerk bultzatzen hau horrela izanen dela pentsatzera?
Hori dun kezkatzen gaituen bakarra. Zorigaizto egiten gaituen bakarra.
Eskua luzatu eta errezelaren ertza atxiki zuen neskatxak.
— Eta uste duk gero dena ongi joanen dela eta zoriontsuak izanen garela?
Bazakinat horrela izanen garela. Ez dun zertaz kezkatu behar. Jende anitz ezagutzen dinat hori egin duena.
— Bai eta nik ere –erran zuen neskatxak–. Eta gero zoriontsuak izan dituk.
— Beno –erran zuen mutilak–, ez badun nahi ez dun egin behar. Nahi ez badun ez haut horretara behartuko. Baina, bazakinat arras erraza dela.
— Eta, egiaz nahi duk hik?
— Uste dinat hoberena izanen dela. Baina ez badun nahi ez dinat egitea nahi.
— Eta, egiten badut zoriontsua izanen haiz eta gauzak lehen bezala izanen dituk eta maiteko nauk?
— Orain maite haut. Badakin maite haudala.
— Bazakiat. Baina egiten badut, gustatuko ote zaik orduan ere gauzak elefante txuriak bezalakoak direla esatea.
— Izugarri gustatuko zaidan. Orain ere hala iruditzen zaidan; zera dun, orain ezin dudala horretaz pentsatu. Badakin nola jartzen naizen kezkatzen naizenean.
— Egiten badut, utziko diok kezkatzeari?
— Ez naun horretaz kezkatuko, gauza erraza dun-eta.
— Orduan eginen diat. Ezen, bortz axola zerbait gertaturik ere.
— Zertaz ari haiz?
— Ba, ez zaizkidak deus axola ondorioak.
— Bena niri bai, axola zaizkidan.
— O, bai. Baino niri ez zaizkidak axola. Eta eginen diat eta orduan dena joanen duk ongi.
— Horrela sentitzen bahaiz, ez dinat egin dezaan nahi.
Zutitu eta geltokiko beste muturrerantz abiatu zen neskatxa. Han, bertze aldean, labore-landak eta zuhaitzak luzatzen ziren, Ebro ibaiaren bazterretan. Urrunago, ibaiaz bestaldera, ageri ziren mendiak. Labore-landak zeharkatzen ari zen hodei baten itzala, eta zuhaitzen artean sumatu zuen neskatxak ibaia.
Hau dena gurea izan zitekean –erran zuen neskatxak–. Dena eduki genezakean eta ezinago bihurtzen ari gaituk egunez egun guztia.
Zer dion?
Dena eduki genezakeela erran diat.
Dena eduki zezakenagu.
— Ez, ezin diagu.
— Mundu osoa eduki zezakenagu.
— Ez, ezin diagu.
— Edonora joan gintezken.
— Ez, ezin diagu. Ez duk dagoeneko gurea.
— Gurea dun.
— Ez, honezkero ez. Eta behin kenduz gero ezin duk berreskuratu.
— Baina ez ziguten kendu.
— Beno, itxaron ezak eta ikusiko duk.
— Itzalera itzul hadi–erran zuen mutilak–. Ez zagon horrela jartzerik.
— Ez nauk inola jartzen –erran zuen neskatxak–. Gauza duk gauzatxo batzuen jakinen gainean naizela.
— Ez dinat gogoko ez dunana egiterik nahi.
— Ez eta niretzat txarra datekeen zernahi ere –erran zuen neskatxak–. Bazakiat. Bertze garagardo bat?
— Ados. Baina ulertu behar dun…
— Ulertzen diat –erran zuen neskatxak–. Ez genikek agian horretaz mintzatu behar?
Berriro eseri eta, haraneko alde lehorreko muinoei behatu zien neskatxak. Neskari begiratu zion mutilak eta mahaiari beha gelditu zen ondoren.
— Argi ulertu behar dun –erran zuen mutilak– heuk nahi ez badun neronek ere ez dudala egin dezaan nahi. Hiretzako garrantzitsua bada prestu naun urrats hori egiteko.
— Hiretzat ez dik garrantzirik ala? Gaindituko genikek.
— Horixe baietz, badin niretzat garrantzia. Baina nik ez dinat hi bertzerik maite. Ez dinat inor gehiago nahi. Eta bazakinat arras erraza dela.
— Bai, badakik arras erraza dela.
— Ongi zagon hik erratea, baina ongi zakinat nik hori.
— Eta orain? Mesede bat egin hiezadake?
— Bai, horixe.
— Mesedez mesedez mesedez mesedez, isilduko al haiz?
Mutilak ez zuen deus erran, eta geltokiko paretaren kontra zeuden maletei begiratu zien. Gaua elkarrekin eginiko hotelen etiketak zeramatzaten.
— Baina, ez dinat egin dezaan nahi —erran zuen mutilak–, berdin zaidan erabat.
— Oihuka hasiko nauk –erran zuen neskatxak.
Tabernatik atera zen emakumea bi baso garagardorekin, eta mahaian utzi zituen.
— Bortz minutuan ailegatuko da trena –erran zuen.
— Zer esan du? –galde egin zuen neskatxak.
— Trena bortz minutuan ailegatuko dela.
Esker oneko irribarre alaitsu batez begiratu zion neskatxak emakumeari.
Maletak geltokiaren bertze aldera eramanen ditinat –erran zuen mutilak.
Irribarretsu begiratu zion neskatxak.
Oso ongi. Itzuli eta garagardoa bukatuko diagu.
Bi maleta astunak hartu eta bertze trenbideraino eraman zituen mutilak. Trenbideak galtzen ziren hartaraino begiratu zuen baino ez zuen trena ikusi ahal izan. Itzultzerakoan tabernatik igaro zen; jendea bildua zen hartara, zerbait edatera, trenaren zain zegoen bitartean. Anis bat hartu zuen barran eta jendeari begira jarri zen. Trenaren zain zeuden guztiak, zintzo. Kanabera-errezela gurutzatu eta han zirauen neskatxak irribarretsu.
— Hobeki hago? –galde egin zion mutilak.
— Ongi nauk –erran zuen neskatxak–. Ez zaidak deus gertatzen. Ongi nauk.

Ernest Hemingway.  Colinas como elefantes blancos
Lola Sarrateak itzulia

lunes, 8 de octubre de 2012

ZUGARRAMURDI



Mattin, maitea, zato nirekin, dagoeneko zutik joana zara? Ekarri musu handi-handi bat laztana.
Etxeko larrainean zegoen Mattin ortutsik eta ipurdia laxo. Mayik haurra sehaskan utzia zuen etxetik joan zenean eta orain muttiko koxkor bat zen.
Hara non datorren Kattalin, nire ahizpa kuttuna, etorri polita. Bi haurrak besoetan sartu zen Mayi etxeko sukaldean.
Joxepak eskuak mantalean garbitu eta begiek busti-busti eginda alaba besarkatu zuen:
Ene! Nire maitea, zein polita zauden!
 Esku batekin neskaren ilea laztanduz, bertzearekin erortzen ari zitzaion malko bat zukatu zuen.
Anai arrebak lurrean eseri eta Mayiren poltsa miatzen hasi ziren.
 —Zer ari zarete deabrutxo horiek? gozoki bila? Ekarri poltsa hori.
 Mayik eskuak bertan sartu eta zakuto bat gutizi atera zien. Gero, soineko bat atera eta:
 —Begira, ama zein soineko polita oparitu didan etxekoandreak, pazko egunean estreinatuko dut.
Joxepak, soinekoa eskutan hartu, begi-lagunak paratu eta behatu zuen, gibeleko alde ere.
Ba, ongi bukatua dago eta oihala ere ona dela ematen du; baina konta iezadazu, laket zara Ziburun? Ongi zaintzen zaituzte? Galdezka hasi zen ama.
Bai, bai ongi nago, lagunak ere baditut, eta hondartzara joaten gara... Baina, hori usaina ona!
 Erantzun zion Mayik txuritabeltza egiten ari zen lapikoaren tapa goratu eta ia sudurra bertan sartu ondoren.
Etorri, busti bana hartuko dugu— erranez bi ogi pusketa lapikoan sartu eta  mahaian jarri zituen amak..  
Ama alaba mahai inguruan eseri eta kontu kontari hasi ziren
Hondartzan kontuz ibiltzen zaretela pentsatu nahi dut, gauzak nahasiak daudela jakinen duzu ezta?
 Erran zion amak ahots apalez.
Lasai, ama markesaren alaba ere gurekin joaten da…
A………………………. Hasperen egin zuen amak.
Larrainako ataka sumatu zuen Joxepak eta.
Kattalin lagun iezaiozu Mayiri mahaia paratzen, aita aziendak gobernatu eta badator bazkaltzera. Agindu zien alabei.
Ama garizuman gaude, ezin dugu haragikik jan! — Iradoki zion albak
Zaude isilik, apez kontuak dira horiek, aise erraten dute horiek, badugu bai barau egiteko denbora franko urtean zehar— Erantzun eta sorbaldak harrotu zituen Joxepak. —Monasteriokoek zernahi bildots erosi dizkigute aurten, eta denak garbiak nahi dituzte, barrenak nolabait profitatu beharko ditugu ba  neska”. 
Urte bete zeraman Mayik Ziburun neskame. Betiko bere lagunekin egoteko irriketan zegoen. Elizaren arkupetan Maritxu eta Teresekin eseri eta hiru lagunak mutil aferaz solasean egin zuten ia arratsalde osoa. Pazko agindua betetzeko konfestera joan beharrak ziren, eta ez zuten herriko apezarekin egin nahi. Herria ttikia zenez denak ezagutzen zuten elkar, eta lotsa ematen zien herriko apezari mutil kontuak azaltzea. Urdazubiko monasteriora joatea erabaki zuten.            


.Urdazubi Zugarramurditik hiru bat kilometrotara dago. Neskek alai egin zuten bidea, konfesatu behar zituzten bekatuak aztertzen aritu ziren, ez zekiten zehazki zer zen bekatu eta zer ez. Mayiri egun batean mutil batek titi muturrak ukitu zizkion, eta berak matelezurreko bat eman bazion ere, gustatu ere gustatu zitzaion. Sabela oinaztura antzeko batek gurutzatu baitzion. “Bekatu ote zen hori? Lagunak baietz erraten zioten, gustua eman bazion bekatu zela. Ba, horrela bazen hori konfesatuko zuen, ez zitzaion bertze gauzarik otutzen, eta konfesatzera esku hutsik joate ere…
Monasterioa erdi ilun zegoen, argizari kandelek ematen zuten argi hitsa eta tristeak argitzen zuen elizaren erretaula eta inzientso usaina ia zorabiatzekoa zen.  Kofesategiak elizaren alde bitan zeuden, eskuineko aldean gizonezkoenak eta ezkerreko aldean emakumezkoenak. Bi aldetan ilara handiak zeuden, neskatilak ilaran belauniko itxaron zuten bere txanda. Mayi  kofesategiaren saihetsean, burdin sare batez babestutako    leihotxo baten aitzinean belaunikatu zen./ Agur Maria bekaturik gabe ernaldua /     Agurtu zuen Mayik. /Jaikoren bakeak dagizula / erantzun zion apezak.          
Nor zaitut?” “Non bizi zara?”  “Zu zara Ziburun bizi zaren Ximildegiko alaba?” Felipe Zabaleta Apezak ez zion mintzatzeko aukerarik ere ematen. Neska aztoratu zen, eta ez zuen gizonaren galderak erantzun bertzerik egin. Eta horrela aitortu zuen Ziburuko hondartzetako akelarreetara maiz joana zela, eta pare bat aldiz Ziburutik Zugarramurdiko Berroskoberro belairaino hegaz etorria zela, bertan egiten ziren meza beltzetan egona zela. Akerrarekin dantzan ibili eta haren ipurdia musukatu zuela ere.
Apeza, aitortutako bekatuen handitasunaz mintzo zitzaion. Eta behin infernura kondenatuz gero betiko da gaua, luzea, eta beltz izugarria, sekulan argitiko ez dena, eta ez dena akabatuko. Ze pena eta ze dolore, argitiko ez den gaua hartan. Ez hemengo eriak bezala ohatze bero onean, baino, labe gorri beroan, sugar gogorrean sekulakotzat. Gar eternalean. Hemen den penik ttikienak su izpi batek kilikatzen gaitu, zer izanen bada, su eta garrez kanpoan eta barnean, arima eta gorputza hartua, inguratua, eta burdin gorritua bezala sututa bagaude.
Baina bada ere jainkoa erruki emailea, eta hari erregu egin behar diogu. Barka gaitzazu gure zorra, guk zor digunari barkatzen diegu bezala,(zuk herriarekin zor handiak dituzu)  Eliza Santuaren bidez, hemen baitaude Haren ordezkariak, kristauek bide zuzena jarrai ditzaten gidatzeko. Behar duzu jaikoarekin bakean jarri, handiak dira zure bekatuak. Nik barkamena ematen dizut, baina barkamenak bere penitentzia dauka, eta zurea, niri aitortu didazun guzia hurrengo  igandean meza nagusiaren hondarrean    herriko jendearen aitzinean dena aitortzea izanen da.
Mayi zorabiatuta atera zen elizatik, ez zekien nor zen, non zegoen, izutua, negarra egin nahi zuen. Lagunak itxaron gabe etxerako bidea hartu zuen. Belaiak gurutzatuz, bidezidorrez bidezidor, joan zen etxera inork ikus ez diezaion. Etxean berehala ohatzean sartu zen. Ama etorri zitzaion eta neskaren begiak hanpaturik ikustean larritu zen:
Zer duzu nire maitea, ez zaude ongi? —Galdetu zion amak.
Nekatua nago ama, pasako zait, buruko minez nago, pasako zait…
Esne bero bat ekarriko dizut.
Ez ama, hertsi leihoa arren, ilunpetan nahiago dut.
Joxepa sukaldera itzuli zen, Martin bere senarra mahaian afari-merienda egiten ari zen eta emazteari galde egin zion:
 —Zer dio neskatikoak?- ez dago ongi ala?
Ez dakik, negarrez aritu da eta buruko minez dela eta, lo egin nahi duela,  leihoa hersleko erran dit.
Urdazubin konfesatzen egon da –ezta?
Bai, asmo horrekin atera da etxetik, lagunekin joatekoa zen nonbait…
Ezta ba, trabatua egonen...
Ez dut uste, goizean hileko etorri zaiola erran dit...
Ba, horrela bada pasako zaio.
Senar emaztea lasaiago gelditu zen.
Ostegun gaua  zen, Mayik ez zuen lorik egin, ezta ostiralekoan ere, infernuko sugarrak erretzen  baitzioten. Larunbata luzea egin zitzaion, eta gaua buka ezina. Harrak barrenak jaten ari zitzaion. Harako ikaragarrizko leize baten barnean, ze, ke ilun batean murgildurik balego, amatxirekin topatu zen, sugarrak kiskaltzen ari zitzaion, eta  lazgarria zen haren oinaze oihua;  eskua luzatzen zion, Mayik gibetat egiten zuen, eta amatxiren eskuak jarraitzen zion, eta jarraitzen zion…
Goiz jaiki zen Mayi eta belar batzuk hartzera joan zen, asma belarra, pasmo belarra eta berbena batzuek egosi eta haien zukua hartu zuen. Gero, soineko berria jantzi eta elizara joan zen. Pazko eguna zenez herri guzia han egonen zela bazekien. Ez zen bere ekintzen jabe, aldez aurretik idatzitako gidoi bat jarraituko balu bezala sentitzen zen. Meza ondoan, elizako arkupetan sorgina zela aitortu zuen, eta bera bezala sorginak ziren hainbat lagun salatu zituen. Herritarren artean ikaragarrizko liskarra sortu zen. Martin Ximildegikoak alaba besotik hartu eta etxera eraman zuen. Biharamunean, oraindik argitu gabe iparraldeko bidean ikusi zituzten Mayi eta bere aita. Inoiz jakin ez den komentu batera alaba eraman  zuen.
Mayi Ximeldegi Zugarramurdiko alaba Ziburun neskato 1609an Bazko agindua betetzeko etxera itzuli zen.
Herriko sorginek lekukoa hartu eta bazterrak astindu zituzten. Urdazubiko prioreak Logroñora gaztigua egin zuen… 

viernes, 13 de abril de 2012

LAIS CORINTOKOA


LAIS KORINTOKOA

Grezia zaharrean, Peloponesoko guden garaian Korinton sortutako hetaira famatua izan zen Lais. Ederren artean ederrena. Lehendabiziko emazteki filosofoa. Korinton, Elokuentzia eta Amodioaren Baratza eraiki zuen, eta han  biltzen ziren garaiko filosofoek. Aristipo izan zuen maisu eta maitale; honen lanen arteko bi Lais buruzkoak dira. Aristipok  bezala, gizonaren azken helburua plazera zela irakasten zuen Laisek, bere baratzean besta handiak egiten zituen eta goi mailako filosofoak bertan biltzen ziren, non gizakiarentzako plazeraren onurak eztabaidatzen  zituzten.   

Gaztetxo zela, hainbat eskultoreek haitzurdinean  zizelkatu zuten haren iduria.    Apeles margolariak Hafrodita irudikatzeko hartu zuen neskatxa modelo, eta berarekin eraman zuen Atenasera. Neskak Tenpluan ezagutu zituen filosofoak eta bere faboreak eskaintzen ikasi zuen. Demostenesek neska ezagutu zuenean 10.000 drakma eskaini zizkion berarekin gaua bat egotearen ordez, baina honek ezetz erran zion. Bere gustukoekin baizik ez baitzen  oheratzen.
Nostalgiak jota Korintora itzultzeko gogoa adierazi zion bere maitaleari eta Aristipo eta biak itzuli ziren Korintora.

Ordurako goi mailako hetaira zen Lais eta Tenplura zuzendu zen Hafroditari loreak eskaintzera. Neska Tenpluan sartu zenean, bertan zeuden prostitutek   Laisen edertasunaz liluraturik bidea egin zioten,  gero, han zeuden gizonek bizkar-gainean atera zuten hetaira.

Aspasia Periclesen maitalearen laguna egin zen, eta honek alargun zahar aberats  bat aurkeztu zion eta harekin ezkondu zen Lais, gero, Aspaiak berak lagundu zion gizona kasatzeko modua aurkitzen. Lais alarguntsa aberatsa zen eta jauregi oparo  bat erosi zuen, non Elokuentzia eta Amodioaren baratza paratu zuen. Aristipori fidela ezin zitzaiola izan erran zion eta bere bideari jarraitu zion.
Edertasuna galtzen zuen heinean galdu zituen maitale, lagunak eta dirua. Edariari eman zion eta 10 drakmetan saltzen zen Tenpluaren izkinan.

Hirurogei urterekin ezagutu zuen mutil gazte bat, berarekin maitemindu eta  lan bila Tesaliara joan ziren. Tesalian Tenpluan mutilarekin larrutan ari zela atzeman zuten eta,  harrikatu zuten hil arte.

Baina, herriak Lais ez zuen ahantzi, Korinton mausoleo bat eraiki zuten bere izenean, bertan paratu zituzten haren irudiarekin egindako eskulturak. Elokuentzia eta Amodioaren Baratza  denborarekin zimelduz joan zen, iturriak agortu eta eskulturak erori ziren, baina bertako  gliziniak, kameliak, hortentsiak eta arrosak bere gisa joan ziren oihanetik eta oraindik hantxe daude.


HARAGIAREN BEKATU….

Kontatzen du Aulo Geliok Korintoko herrian zela emazte eder bat, famatua, amoltsua eta plazer egilea, eta ofizioaren baliatzen ongi zakiena. Bada egun batez Demosteles filososo handi hura emaztearen aldetik iragaten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen: eta galde egin zion Lais berari ia zenbana saltzen zen fruitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen, eskatu zion suma handi baten, gehiago bortzehun ezkuturen baino: Handiari handiki, Demostenek aditu zuenean emamutiriaren demanda, ihardetsi zion, ez uste bezala: ez dut nik urrikitzea edo errukia horren garestia erosten. Erran balio bezala: Badakit, andrea, ezen baldin nik orain iragan baneza zurekin neure apetitu desordenatua, urriki lekidakeela berehala. Bada urrikitze hura, ondoko damu hura, ez dut horren kario erosten, eta ez hargatik hainbat diru ematen. Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenek eman zuen hartan aditzera bekatuari betiere bere ondotik urrikia darraiola.                    
           

                      
   


CAMILA GORMAN

CAMILA ETA LADISLAO BI AMOROS IHESLARI Mutila apeza zen; neska, familia nagusi bateko alaba. Orduan, egoera haietan jartzen ziren muga guztien gainetik igaro eta maitemindu egin ziren, bai eta amodio hartan erre ere. Bikotea fusilatzeko agindua eman zuen Juan Manuel de Rosas lehendakariak, neska haurdun zela ongi jakin arren. Socorro eliza, Suipacha y Juncal herrian, izan zen zoritxarreko amodio horren hasieraren testigu. 1847. urtean, eskandalu ikaragarria sortu zuen gertaera hark Buenos Aires inguruko herri burges, dotore eta lasai hartan. Amatxirengandik heldu zitzaion sedukzio artea Camila O´Gorman, hemeretzi urteko neska eder eta nortasun handikoari, Ana Perichon, Santiago Liniers erregeordearen maitale izan zena, baitzuen amatxi. Leinu porteño zahar batekoak ziren jatorriz O´Gormandarrak, eta Rosas lehendakariaren beraren lagun handiak: Camilaren adinekoa eta lagun mina zen, hain zuzen ere, haren alaba Manuela Rosas. Tucumanetik etorria zen Ladislao Gutierrez, Socorro elizara apez. Hogeita lau urteko mutila, azkarra, hiztun ona eta atsegina. Amaren jatorri aimarari ohore eginez, larru beltzaran, begi bizi eta ile beltz kizkur ederren jabea zen. Berehala erreparatu zion apezak Camilaren xarmari, eta Eduardo O´Gorman anaiaren apez-laguna zenez, arazorik gabe ezagutu zuen neska. Bizitzako sasoirik hoberenean zeudelarik, maitasunaren eromenean galdu ziren neska eta mutila. Elizan ikusten zuten elkar, fedearen aurrean zituen zalantzak azaltzen zizkion neskak, eta bereak ere bazituela hauteman zion mutilari. Astunegia zitzaion zelibatoaren zama. Astuna eta zentzugabea, naturaren aurkakoa. Jainkoa nonbait izatekotan, hark berak emana ziokeen maitatzeko ahalmena. Bazuen gibelerat jotzeko eskubidea, eta eginak zituen botoek ez zuten egoera berri hartan balio. Berritik hasiko zuen bizia. Maite zuen emakumea Jainkoaren aitzinean eginen zuen berea, argi asko baitzekien munduaren aurrean ezinezkoa izanen zela. Biziki maitemindua zen Camila, ezin zuen gizon hura gabe bizi. Eta ihesa prestatzen hasi ziren. Zakuto batean arropa batzuk, jateko zerbait eta ahal izan zuten dirua bildu ondoren, bi zaldi hartu eta Lujan aldera atera ziren 1847. abenduaren 12an. Lujanen, tokia utzi zien ostatu-jabe batek etxearen gibeleko belaian, eta izarpean elkarrekin lo egin zuten lehendabiziko aldiz. Hamar egun geroago, gobernadorearen aurrean salatu zuen Adolfo O´Gormanek “egundaino ezagutu ez den ekintza ikaragarri” hura. Eta “nornahik miserable, zorigaizto, dohakabe horiek nonahi aurkiturik ere, ekar ditzala” eskatu zion Medrano apezpikuak gobernadoreari, “justiziak agintzen duen arabera zigortuak izan daitezen”. Zortea lagun zutela itxuraz, 1847ko otsailean paperak egin zituzten gazteek nortasun faltsuekin, bai eta pasaportea ere Brasilera joateko asmoz. Baina dirurik gabe gelditu ziren eta, Goya izeneko herri ttiki batean haur eskolarik ez zegoela ikusirik, eskola bat antolatu zuten aurrezki batzuk osatu nahian. Lau hilabete iraun zuten bertan, uztailean apez bat agertu eta Ladislao ezagutu zuen arte. Argiaren abiaduran zabaldu zuen albistea: biharamunean bertan atxilotu eta inkomunikatu zituzten, gobernadorearen aginduz. Gertatuaren berri jakin zueneko, atxilotuak Santos Lugares, garai hartako espetxe gogorrenera, karro banatan eramateko agindu zuen Rosas lehendakariak. Ikara betean ziren maitaleak, euren artean eta munduarekin ezin hitz egin zezaketela. Hala eta guztiz ere, Manolita Rosasi gutun bat helaraztea lortu zuen Camilak. Abuztuaren 8an erantzun zion lehendakariaren alabak, biziari gogor eusteko eta itxaropena ez galtzeko eskatuz eta, arazoa konponbidean zegoela adierazi ondoren, Buenos Airesa lehenbailehen itzuliko zirela adieraziz. Liburu batzuk ere bidali zizkion Ladislaori. Aldi berean, komentu baten bila hasi zen Manuela bere lagunarentzako. Baina Rosasek ez zuen bikotea Buenos Airesen nahi, atxilotuak errazago defendatuko baitziren beharbada hiriburuan, eta hain gutxi bere alabaren erruki-eskaerei erantzun. Bestalde, “egin zuenagatik ez zegoela damuturik, Jainkoarekin bakean zela” aitortu zuen Camilak espetxean. “Noraino ailegatu behar dugu, emakume izanik Jainkoarekin zuzenean komunikatzen hasten badira? Lutero usaina dario… arras arriskutsua da auzi hau” , erran zuen lehendakariak. Zalu eta zehatz ibiliko zen. Argi-hastean ailegatu ziren gobernadorearen gudariak. Zaldi-trostan eta, beti egiten zuten bezala, zarata ikaragarrian, ate joka, oihuka… Apelazio edo defentsarako aukerarik eman gabe, bikotea fusilatzeko agindu zuen Rosasek. Orduan, zaldiak lehertzeko zorian bidali zituen espetxeko zuzendariak bi zaldun, lehendakariari neska haurdun zegoela gaztigatzera. Bertze bi igorri zituen Manuelarengana, mezu berdinarekin. Manuelak, ordea, egundaino ez zuen mezu hura jasoko. Eguzkia oraindik apal, konfesatzeko aukera eman ondoren, zapi banarekin estali zizkieten begiak bi akusatuei. Eserleku banatan lotu eta gero, bi hagaren gainen eraman zuten lau gudarik atxilotu bakoitza espetxeko patiora, soinu banda eskoltan zutela. Luzea egin zitzaion bidea Camilari. Ostikoka sumatzen zuen umea sabelean, bi eskuekin laztantzen zuen haurtxoa, eta haren bihotzaren taupadak, “tap… tap… tap…”, sumatzen zituen. “Ninia ez! Ninia ez! Ez iezadazue ninia hil!”, errepikatzen zuen behin eta berriz oihuka bere indar guziekin. Baina inork ez zion aditzen, soinu-joleen doinua bikoiztu egin zen espetxeko korridorean. Hain zen estua eta apala, ezen kobazulo bat ematen zuen. Hurbilean sumatzen zuen Ladislao, bere maitea, haren ahatsa, haren usaina… Bere gizona zen eta harengana luzatzen zuen eskua, baina itsuek egiten duten modura, zortea tentatuz. Oihuka aditzen zuen gizona, ero baten moduan. “Hil nazazue, baina utz ezazue bizirik nire emaztea, eta nire haurra! Ez ezazue nire semea hil!”, errepikatzen zuen behin eta berriz ikaragarrizko doinu lazgarrian. Antzerti batean bezala ari zen hogei urtetan bizi izanikoa ikusten. Ama, beti dotore, etxea zuzentzen, zerbitzua gobernatzen. Aita beti bere negozioetan, etxera opariekin itzultzen aldiro. Familia arteko bazkariak, bazkalondoko egonaldiak. Anai-arreben arteko jostetak. Ingeles klaseak, piano ikasketak,… Jostunak egiten zizkion soinekoak, hamabortz urteak ospatzeko egin zion arrosa koloreko hura bereziki, benetan polita, muselinaz landua, bere lehen emakume-soinekoa, maukarik gabea eta bular erdia agerian uzten zuena. Eta amak elizara joateko erosi zion foulard loreztatu hura, emakume bati bezala ilea estaltzen ziona. Hasia zen ordurako mutilen begirada sumatzen eta anitz gustatzen zitzaion. Lehendakariaren etxeko baratzean egiten zituzten bestetara joaten hasi zen egun haiek oroitu zituen. Eta Manuela lagunarekin batera mutilekin irrika ibiltzen ziren egun haiek… Ongi oroitzen zuen Ladislao herriko elizara apez etorri zenekoa. Ordura arte, amarekin joana zen beti elizara, gogo anitzik gabe. Baina apez berriarekin gero eta atseginago egiten zitzaion meza, anitz gustatzen zitzaizkion haren sermoiak… — Nire ninia! —min egiten zion, sabela lehertu nahian— Nini maitea! —umea laztantzen negar, negar, eta negar. “Camila neurea, badakit neurekin hiltzera zatozela. Munduan ezin izan dugu elkarrekin bizi, zeruan bilduko gara betiko Jainkoarekin. Maite zaitut. Zure Gutierrez”. Oihuka bidali zion azken agurra bere maiteari, baina Camilak nekez adi ziezaioken, negar-zotinka etsipenak jana baitzegoen gaixoa… Gazteak patioaren erdian utzi eta fusilak kargatu zituzten zortzi borreroek. Gero, alde batean jarri eta, danborren arrada ikaragarrian, lau tirok kasatu zuten Ladislao, eta hiruk Camila, huts egin baitzuen laugarrenak. Hemezortzigarren eguna zuen 1848ko abuztuak. Camilak hogei urte zituen, eta haurdunaldiko zortzigarren hilabetean zegoen. Ondorio larriak ekarri zituen gertaera honek, behera etorri baitzen haren ondorioz Juan Manuel de Rosasen gobernua.

martes, 14 de febrero de 2012

CAMILA ETA LADISLAO BI AMOROS IHESLARI


CAMILA ETA LADISLAO BI AMOROS IHESLARI

Mutila apeza zen; neska, familia nagusi bateko alaba. Orduan, egoera haietan jartzen ziren muga guztien gainetik igaro eta maitemindu egin ziren, bai eta amodio hartan erre ere. Bikotea fusilatzeko agindua eman zuen Juan Manuel de Rosas lehendakariak, neska haurdun zela ongi jakin arren.
Socorro eliza, Suipacha y Juncal herrian, izan zen zoritxarreko amodio horren hasieraren testigu. 1847. urtean, eskandalu ikaragarria sortu zuen gertaera hark Buenos Aires inguruko herri burges, dotore eta lasai hartan.
Amatxirengandik heldu zitzaion sedukzio artea Camila O´Gorman, hemeretzi urteko neska eder eta nortasun handikoari, Ana Perichon, Santiago Liniers erregeordearen maitale izan zena, baitzuen amatxi. Leinu porteño zahar batekoak ziren jatorriz O´Gormandarrak, eta Rosas lehendakariaren beraren lagun handiak: Camilaren adinekoa eta lagun mina zen, hain zuzen ere, haren alaba Manuela Rosas.
Tucumanetik etorria zen Ladislao Gutierrez, Socorro elizara apez. Hogeita lau urteko mutila, azkarra, hiztun ona eta atsegina. Amaren jatorri aimarari ohore eginez, larru beltzaran, begi bizi eta ile beltz kizkur ederren jabea zen. Berehala erreparatu zion apezak Camilaren xarmari, eta Eduardo O´Gorman anaiaren apez-laguna zenez, arazorik gabe ezagutu zuen neska.
Bizitzako sasoirik hoberenean zeudelarik, maitasunaren eromenean galdu ziren neska eta mutila. Elizan ikusten zuten elkar, fedearen aurrean zituen zalantzak azaltzen zizkion neskak, eta bereak ere bazituela hauteman zion mutilari. Astunegia zitzaion zelibatoaren zama. Astuna eta zentzugabea, naturaren aurkakoa. Jainkoa nonbait izatekotan, hark berak emana ziokeen maitatzeko ahalmena. Bazuen gibelerat jotzeko eskubidea, eta eginak zituen botoek ez zuten egoera berri hartan balio. Berritik hasiko zuen bizia. Maite zuen emakumea Jainkoaren aitzinean eginen zuen berea, argi asko baitzekien munduaren aurrean ezinezkoa izanen zela.
Biziki maitemindua zen Camila, ezin zuen gizon hura gabe bizi. Eta ihesa prestatzen hasi ziren. Zakuto batean arropa batzuk, jateko zerbait eta ahal izan zuten dirua bildu ondoren, bi zaldi hartu eta Lujan aldera atera ziren 1847. abenduaren 12an. Lujanen, tokia utzi zien ostatu-jabe batek etxearen gibeleko belaian, eta izarpean elkarrekin lo egin zuten lehendabiziko aldiz.
Hamar egun geroago, gobernadorearen aurrean salatu zuen Adolfo O´Gormanek “egundaino ezagutu ez den ekintza ikaragarri” hura. Eta “nornahik miserable, zorigaizto, dohakabe horiek nonahi aurkiturik ere, ekar ditzala” eskatu zion Medrano apezpikuak gobernadoreari, “justiziak agintzen duen arabera zigortuak izan daitezen”.
Zortea lagun zutela itxuraz, 1847ko otsailean paperak egin zituzten gazteek nortasun faltsuekin, bai eta pasaportea ere Brasilera joateko asmoz. Baina dirurik gabe gelditu ziren eta, Goya izeneko herri ttiki batean haur eskolarik ez zegoela ikusirik, eskola bat antolatu zuten aurrezki batzuk osatu nahian. Lau hilabete iraun zuten bertan, uztailean apez bat agertu eta Ladislao ezagutu zuen arte. Argiaren abiaduran zabaldu zuen albistea: biharamunean bertan atxilotu eta inkomunikatu zituzten, gobernadorearen aginduz.
Gertatuaren berri jakin zueneko, atxilotuak Santos Lugares, garai hartako espetxe gogorrenera, karro banatan eramateko agindu zuen Rosas lehendakariak. Ikara betean ziren maitaleak, euren artean eta munduarekin ezin hitz egin zezaketela. Hala eta guztiz ere, Manolita Rosasi gutun bat helaraztea lortu zuen Camilak. Abuztuaren 8an erantzun zion lehendakariaren alabak, biziari gogor eusteko eta itxaropena ez galtzeko eskatuz eta, arazoa konponbidean zegoela adierazi ondoren, Buenos Airesa lehenbailehen itzuliko zirela adieraziz. Liburu batzuk ere bidali zizkion Ladislaori. Aldi berean, komentu baten bila hasi zen Manuela bere lagunarentzako. Baina Rosasek ez zuen bikotea Buenos Airesen nahi, atxilotuak errazago defendatuko baitziren beharbada hiriburuan, eta hain gutxi bere alabaren erruki-eskaerei erantzun. Bestalde, “egin zuenagatik ez zegoela damuturik, Jainkoarekin bakean zela” aitortu zuen Camilak espetxean. “Noraino ailegatu behar dugu, emakume izanik Jainkoarekin zuzenean komunikatzen hasten badira? Lutero usaina dario… arras arriskutsua da auzi hau” , erran zuen lehendakariak. Zalu eta zehatz ibiliko zen.
Argi-hastean ailegatu ziren gobernadorearen gudariak. Zaldi-trostan eta, beti egiten zuten bezala, zarata ikaragarrian, ate joka, oihuka… Apelazio edo defentsarako aukerarik eman gabe, bikotea fusilatzeko agindu zuen Rosasek. Orduan, zaldiak lehertzeko zorian bidali zituen espetxeko zuzendariak bi zaldun, lehendakariari neska haurdun zegoela gaztigatzera. Bertze bi igorri zituen Manuelarengana, mezu berdinarekin. Manuelak, ordea, egundaino ez zuen mezu hura jasoko.
Eguzkia oraindik apal, konfesatzeko aukera eman ondoren, zapi banarekin estali zizkieten begiak bi akusatuei. Eserleku banatan lotu eta gero, bi hagaren gainen eraman zuten lau gudarik atxilotu bakoitza espetxeko patiora, soinu banda eskoltan zutela.


Luzea egin zitzaion bidea Camilari. Ostikoka sumatzen zuen umea sabelean, bi eskuekin laztantzen zuen haurtxoa, eta haren bihotzaren taupadak, “tap… tap… tap…”, sumatzen zituen. “Ninia ez! Ninia ez! Ez iezadazue ninia hil!”, errepikatzen zuen behin eta berriz oihuka bere indar guziekin. Baina inork ez zion aditzen, soinu-joleen doinua bikoiztu egin zen espetxeko korridorean. Hain zen estua eta apala, ezen kobazulo bat ematen zuen. Hurbilean sumatzen zuen Ladislao, bere maitea, haren ahatsa, haren usaina… Bere gizona zen eta harengana luzatzen zuen eskua, baina itsuek egiten duten modura, zortea tentatuz. Oihuka aditzen zuen gizona, ero baten moduan. “Hil nazazue, baina utz ezazue bizirik nire emaztea, eta nire haurra! Ez ezazue nire semea hil!”, errepikatzen zuen behin eta berriz ikaragarrizko doinu lazgarrian.


Antzerti batean bezala ari zen hogei urtetan bizi izanikoa ikusten. Ama, beti dotore, etxea zuzentzen, zerbitzua gobernatzen. Aita beti bere negozioetan, etxera opariekin itzultzen aldiro. Familia arteko bazkariak, bazkalondoko egonaldiak. Anai-arreben arteko jostetak. Ingeles klaseak, piano ikasketak,… Jostunak egiten zizkion soinekoak, hamabortz urteak ospatzeko egin zion arrosa koloreko hura bereziki, benetan polita, muselinaz landua, bere lehen emakume-soinekoa, maukarik gabea eta bular erdia agerian uzten zuena. Eta amak elizara joateko erosi zion foulard loreztatu hura, emakume bati bezala ilea estaltzen ziona. Hasia zen ordurako mutilen begirada sumatzen eta anitz gustatzen zitzaion.


Lehendakariaren etxeko baratzean egiten zituzten bestetara joaten hasi zen egun haiek oroitu zituen. Eta Manuela lagunarekin batera mutilekin irrika ibiltzen ziren egun haiek…


Ongi oroitzen zuen Ladislao herriko elizara apez etorri zenekoa. Ordura arte, amarekin joana zen beti elizara, gogo anitzik gabe. Baina apez berriarekin gero eta atseginago egiten zitzaion meza, anitz gustatzen zitzaizkion haren sermoiak…


— Nire ninia! —min egiten zion, sabela lehertu nahian— Nini maitea! —umea laztantzen negar, negar, eta negar.

“Camila neurea, badakit neurekin hiltzera zatozela. Munduan ezin izan dugu elkarrekin bizi, zeruan bilduko gara betiko Jainkoarekin. Maite zaitut. Zure Gutierrez”. Oihuka bidali zion azken agurra bere maiteari, baina Camilak nekez adi ziezaioken, negar-zotinka etsipenak jana baitzegoen gaixoa…
Gazteak  patioaren erdian utzi eta fusilak kargatu zituzten zortzi borreroek. Gero, alde batean jarri eta, danborren arrada ikaragarrian, lau tirok kasatu zuten Ladislao, eta hiruk Camila, huts egin baitzuen laugarrenak. Hemezortzigarren eguna zuen 1848ko abuztuak. Camilak hogei urte zituen, eta haurdunaldiko zortzigarren hilabetean zegoen.
Ondorio larriak ekarri zituen gertaera honek, behera etorri baitzen haren ondorioz Juan Manuel de Rosasen gobernua.