viernes, 13 de abril de 2012

LAIS CORINTOKOA


LAIS KORINTOKOA

Grezia zaharrean, Peloponesoko guden garaian Korinton sortutako hetaira famatua izan zen Lais. Ederren artean ederrena. Lehendabiziko emazteki filosofoa. Korinton, Elokuentzia eta Amodioaren Baratza eraiki zuen, eta han  biltzen ziren garaiko filosofoek. Aristipo izan zuen maisu eta maitale; honen lanen arteko bi Lais buruzkoak dira. Aristipok  bezala, gizonaren azken helburua plazera zela irakasten zuen Laisek, bere baratzean besta handiak egiten zituen eta goi mailako filosofoak bertan biltzen ziren, non gizakiarentzako plazeraren onurak eztabaidatzen  zituzten.   

Gaztetxo zela, hainbat eskultoreek haitzurdinean  zizelkatu zuten haren iduria.    Apeles margolariak Hafrodita irudikatzeko hartu zuen neskatxa modelo, eta berarekin eraman zuen Atenasera. Neskak Tenpluan ezagutu zituen filosofoak eta bere faboreak eskaintzen ikasi zuen. Demostenesek neska ezagutu zuenean 10.000 drakma eskaini zizkion berarekin gaua bat egotearen ordez, baina honek ezetz erran zion. Bere gustukoekin baizik ez baitzen  oheratzen.
Nostalgiak jota Korintora itzultzeko gogoa adierazi zion bere maitaleari eta Aristipo eta biak itzuli ziren Korintora.

Ordurako goi mailako hetaira zen Lais eta Tenplura zuzendu zen Hafroditari loreak eskaintzera. Neska Tenpluan sartu zenean, bertan zeuden prostitutek   Laisen edertasunaz liluraturik bidea egin zioten,  gero, han zeuden gizonek bizkar-gainean atera zuten hetaira.

Aspasia Periclesen maitalearen laguna egin zen, eta honek alargun zahar aberats  bat aurkeztu zion eta harekin ezkondu zen Lais, gero, Aspaiak berak lagundu zion gizona kasatzeko modua aurkitzen. Lais alarguntsa aberatsa zen eta jauregi oparo  bat erosi zuen, non Elokuentzia eta Amodioaren baratza paratu zuen. Aristipori fidela ezin zitzaiola izan erran zion eta bere bideari jarraitu zion.
Edertasuna galtzen zuen heinean galdu zituen maitale, lagunak eta dirua. Edariari eman zion eta 10 drakmetan saltzen zen Tenpluaren izkinan.

Hirurogei urterekin ezagutu zuen mutil gazte bat, berarekin maitemindu eta  lan bila Tesaliara joan ziren. Tesalian Tenpluan mutilarekin larrutan ari zela atzeman zuten eta,  harrikatu zuten hil arte.

Baina, herriak Lais ez zuen ahantzi, Korinton mausoleo bat eraiki zuten bere izenean, bertan paratu zituzten haren irudiarekin egindako eskulturak. Elokuentzia eta Amodioaren Baratza  denborarekin zimelduz joan zen, iturriak agortu eta eskulturak erori ziren, baina bertako  gliziniak, kameliak, hortentsiak eta arrosak bere gisa joan ziren oihanetik eta oraindik hantxe daude.


HARAGIAREN BEKATU….

Kontatzen du Aulo Geliok Korintoko herrian zela emazte eder bat, famatua, amoltsua eta plazer egilea, eta ofizioaren baliatzen ongi zakiena. Bada egun batez Demosteles filososo handi hura emaztearen aldetik iragaten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen: eta galde egin zion Lais berari ia zenbana saltzen zen fruitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen, eskatu zion suma handi baten, gehiago bortzehun ezkuturen baino: Handiari handiki, Demostenek aditu zuenean emamutiriaren demanda, ihardetsi zion, ez uste bezala: ez dut nik urrikitzea edo errukia horren garestia erosten. Erran balio bezala: Badakit, andrea, ezen baldin nik orain iragan baneza zurekin neure apetitu desordenatua, urriki lekidakeela berehala. Bada urrikitze hura, ondoko damu hura, ez dut horren kario erosten, eta ez hargatik hainbat diru ematen. Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenek eman zuen hartan aditzera bekatuari betiere bere ondotik urrikia darraiola.                    
           

                      
   


No hay comentarios:

Publicar un comentario