REDACCIÓN Quin Monzó
(1980)
Igandean, zer egin nuen?
Igandean eguzki handia
egin zuen eta aita eta amarekin pasioan joan nintzen. Amak soineko
beixa elastiko hezur kolorekoarekin zeraman, eta aitak bizkar gaineko
urdina galtza grisak eta alkandora txuria irekia. Nik elastiko bat
lepoko etsia, urdina aitaren bizkar gainekoa bezalakoa baina
argiagoa, eta elastiko marroia eta galtzak ere marroiak baina
elastikoa baino argixeagoak eta wamba gorriak. Amak zapata gorriak
zeramatzan eta aitak beltzak. Goizean pasioan ibili ginen, eta goiz
erdian Balmoralera joan ginen gosaltzera. Suizo bat eskatu genuen,
eta ensaimada bete bat, eta nik kruasanak eskatu nituen. Gero loreak
ikustera joan ginen, eta baziren gorriak eta horiak eta txuriak eta
arroxak, baita ere urdinak, dindatuak zirela erran zuen aitak, eta
landare berdeak eta moreak, eta txori handiak eta ttikiak, eta aitak
kiosko batean egunkaria erosi zuen. Erakusleihoak behatzera era joan
ginen, eta, elastiko anitz zeuden erakusleiho baten aurrean ginela,
aitak mugitzeko erran zion amari. Eta gero, enparantza batean eseri
ginen banku berde batean, eta bazegoen andre nagusi bat ile zuri eta
muxu gorri, zein tomateak, txoriei jatekoa ematen, eta amatxiren
tankera hartu nion, eta, aita beti egunkaria irakurtzen, eta nik
marrazkiak ikusten uzteko eskatu nion eta egunkari erdia utzi
lerrotu, ez hondatzeko erran eta gero. Gero etxera igotzen, amak,
aita egunkaria irakurtzen jarraitzen zuelako, pikutaraino zegoela
erran zion: etxean, gosaltzen bazkaltzen, kalean ibilian edo,
tabernan jaten eta pasioan ginenean beti irakurtzen aritzen zelako.
Eta aitak jaramonik ez zion egin, eta irakurtzen jarraitu zuen eta
mamak iraindu zuen eta gero errukitu balitz bezala, muxu eman zidan,
eta gero, ama sukaldean arroza prestatzen ari zela, aitak, ez
iezaiozu jaramonik egin erran zidan. Arroza zapa-zapa jan genuen,
maite ez dudana, eta haragia piper frijituekin. Piper frijituak anitz
ditut maite baina haragia ez, arras gordina egoten delako, amak
horrela goxoagoa egoten dela erraten du, baina nik ez dut gustuko.
Eskolan ematen dute haragia dut maite gehiago, ongi errea. Eskolan ez
ditut maite sarrerak. Aldiz etxean ardoa gaseosarekin ematen didate.
Eskolan ez. Arratsaldean osaba-izeba etorri ziren nire
lehengusuarekin, eta nire osaba eta izeba egon gelan erausian aritu
ziren aita eta amarekin, eta kafea hartzen, eta ni eta nire
lehengusua baratzera joan ginen jolastera, eta han medelman eta
futbolinan hasi ginen jolasten, eta pilotan eta suhiltzaile
kamioiarekin eta astronauta gudan, eta nire lehengusua tutuna jarri
zen galtzen zuelako, eta niri nire lehengusuak nardatzen nau
eztakielako galtzen, eta muturreko bat eman behar izan nion eta
orroka hasi zen negarrez, eta etorri ziren ama osaba eta izeba, eta
amak ea zer gerta zen galde egin zuen eta, nik erantzun baina lehen,
nire lehengusuak jo nau erran zion eta amak matelezurreko bat eman
zidan eta ni ere negarrez hasi nintzen eta denak itzuli ginen
egongelara, eta amak eskutik heltzen ninduen eta aitak egunkaria
irakurtzen zuen eta osabak ekarri zigarroa erretzen ari zen, eta
haurrak elkar kasatzen baratzean, eta zu hemen, lasai aski, etzanean
erran zion amak. Izebak ez zela deus pasatzen erran zuen, baina, beti
berdinazela erran zuen amak, batzuetan pikotaraino zegoela. Gero
osaba eta izeba joan egin ziren eta, zindoazenean , nire lehengusuak
mingaina atera zidan eta nik ere gauza bera egin nion, eta aitak
telebista jarri zuen, futbola jartzen zutelako, eta amak katez
aldatzeko erran zion, bigarrenean pelikula bat jartzen zutela eta
aitak futbola ikusten ari zela eta ezetz.
Gero baratzera joan
nintzen, zuhaitzaren ondoan lurperatua duten panpina ikustera, eta
atera nuen eta laztandu eta errietan eman nion ez zituelako eskuak
garbitu bazkal aitzin eta berriz lurperatu nuen, eta sukaldera joan
nintzen, eta ama negarrez zegoen eta ez egiteko negar erran nion
.Gero sofan eseri nintzen, aitaren ondoan, eta une bat partidua ikusi
nuen, baino gero aspertzen nintzen eta aita begiratu nuen, ez balu
partidua ikusten bezala burua bertze toki batean zeukan. Gero
iragarkiak jarri zituzten, anitz gustatzen zaizkidanak, eta gero
partiduaren bigarren zatia, eta ama ikustera joan nintzen, afaria
prestatzen ari zen, eta gero afaldu genuen y eta marrazkidun pelikula
bat jarri zuten eta albisteak, eta antzinako pelikula bat, izena ez
dakidan artista batena, ile hori, arras polita eta titi handiak
zituena. Baina orduan ohatzera igorri ninduten berandu zelako eta
eskailerak igo eta ohatzera joan nintzen, eta ohatzetik entzuten nuen
pelikula eta aita eta amak nola eztabaidatzen zuten, baina
telebistaren zaratak ez zidan uzten zertaz ari ziren aditzen. Gero
oihuka liskarrean hasi ziren eta ohatzetik jatsi nintzen atera
hurbildu ea ulertzen nuen zertan ari ziren, baina dena ilun zegoen
eta ez nuen ongi ikusten, soilik baratzera ematen zuen leihotik
sartzen zen ilargiaren argia eta, ongi ikusten ez nuenez trabatu
nintzen eta itzuli nintzen ohatzera zer zen asotsa hura ikustera
etorriko zirenaren beldur, baina ez ziren etorri. Nik eztabaidan
jarraitzen entzuten nituen. Orain hobeki aditzen nuen telebista
itzali zutelako, eta aitak amari gogaitzen zuela erraten zion eta
iraintzen zuen eta ez zuela asmorik, eta amak ere iraintzen zuen eta
ez dakit erraten zion etxetik alde egiteko edo bera joanen zela, eta
emakume baten izena erraten zuen eta iraintzen zuen, eta gero
beirazko zerbait hautsi zela entzun nuen eta gero oihu handiagoak
entzun nituen, eta hainen ziren handiak ze ez nituen ulertzen, eta
gero oihu lazgarri bat entzun nuen, eta gero ez nuen deus entzun.
Gero zarata handia entzun nuen, baina bare, solairua garbitzeko
besaulkiak mugitzen direnean egiten den antzekoa. Baratzeko atea
isten sumatu nuen eta orduan ohatzetik jaitsi eta asotsa entzun nuen
kanpoan eta leihotik begiratu nuen, eta hanketan hotza neukan,
galtzerdirik gabe nagoelako, eta kanpoan ilun zegoen eta ez nuen deus
ikusten, eta aita zuhaitzaren ondoan zulo bat egiten ari zela iruditu
zitzaidan eta panpina aurkitu eta zigortu eginen nauenaren beldur
nintzen, eta ohatzera itzuli eta era bat estali nintzen, aurpegi eta
guzi, altxatua maindiri pean eta ilunpean eta begiek ongi etsirik.
Aitzurtzeari utzi zutela aditu nuen eta gero pausu batzuk eskailerak
igotzen eta loarena egin nuen eta gelako atea ireki eta gero
begiratzen nauela, baina nik ez nuen ikusi nork begiratzen nauen,
loarena egiten nuelako eta horregatik ez nuen ikusi. Gero atea itxi
zuten eta lo gelditu nintzen eta hurrengo egunean, atzo, aitak erran
zidan ama etxetik joan zela eta gizon batzuk etorri ziren eta
galdetzen zuten eta nik ez nekien zer erantzun eta beti negarrez
nintzen, eta osabaren etxera eraman ninduten bizitzera, eta nire
lehengusuak beti jotzen nau, baino hori ez zen igandean izan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario