viernes, 28 de julio de 2017

REDAKZIOA

REDACCIÓN Quin Monzó (1980)

Igandean, zer egin nuen?

Igandean eguzki handia egin zuen eta aita eta amarekin pasioan joan nintzen. Amak soineko beixa elastiko hezur kolorekoarekin zeraman, eta aitak bizkar gaineko urdina galtza grisak eta alkandora txuria irekia. Nik elastiko bat lepoko etsia, urdina aitaren bizkar gainekoa bezalakoa baina argiagoa, eta elastiko marroia eta galtzak ere marroiak baina elastikoa baino argixeagoak eta wamba gorriak. Amak zapata gorriak zeramatzan eta aitak beltzak. Goizean pasioan ibili ginen, eta goiz erdian Balmoralera joan ginen gosaltzera. Suizo bat eskatu genuen, eta ensaimada bete bat, eta nik kruasanak eskatu nituen. Gero loreak ikustera joan ginen, eta baziren gorriak eta horiak eta txuriak eta arroxak, baita ere urdinak, dindatuak zirela erran zuen aitak, eta landare berdeak eta moreak, eta txori handiak eta ttikiak, eta aitak kiosko batean egunkaria erosi zuen. Erakusleihoak behatzera era joan ginen, eta, elastiko anitz zeuden erakusleiho baten aurrean ginela, aitak mugitzeko erran zion amari. Eta gero, enparantza batean eseri ginen banku berde batean, eta bazegoen andre nagusi bat ile zuri eta muxu gorri, zein tomateak, txoriei jatekoa ematen, eta amatxiren tankera hartu nion, eta, aita beti egunkaria irakurtzen, eta nik marrazkiak ikusten uzteko eskatu nion eta egunkari erdia utzi lerrotu, ez hondatzeko erran eta gero. Gero etxera igotzen, amak, aita egunkaria irakurtzen jarraitzen zuelako, pikutaraino zegoela erran zion: etxean, gosaltzen bazkaltzen, kalean ibilian edo, tabernan jaten eta pasioan ginenean beti irakurtzen aritzen zelako. Eta aitak jaramonik ez zion egin, eta irakurtzen jarraitu zuen eta mamak iraindu zuen eta gero errukitu balitz bezala, muxu eman zidan, eta gero, ama sukaldean arroza prestatzen ari zela, aitak, ez iezaiozu jaramonik egin erran zidan. Arroza zapa-zapa jan genuen, maite ez dudana, eta haragia piper frijituekin. Piper frijituak anitz ditut maite baina haragia ez, arras gordina egoten delako, amak horrela goxoagoa egoten dela erraten du, baina nik ez dut gustuko. Eskolan ematen dute haragia dut maite gehiago, ongi errea. Eskolan ez ditut maite sarrerak. Aldiz etxean ardoa gaseosarekin ematen didate. Eskolan ez. Arratsaldean osaba-izeba etorri ziren nire lehengusuarekin, eta nire osaba eta izeba egon gelan erausian aritu ziren aita eta amarekin, eta kafea hartzen, eta ni eta nire lehengusua baratzera joan ginen jolastera, eta han medelman eta futbolinan hasi ginen jolasten, eta pilotan eta suhiltzaile kamioiarekin eta astronauta gudan, eta nire lehengusua tutuna jarri zen galtzen zuelako, eta niri nire lehengusuak nardatzen nau eztakielako galtzen, eta muturreko bat eman behar izan nion eta orroka hasi zen negarrez, eta etorri ziren ama osaba eta izeba, eta amak ea zer gerta zen galde egin zuen eta, nik erantzun baina lehen, nire lehengusuak jo nau erran zion eta amak matelezurreko bat eman zidan eta ni ere negarrez hasi nintzen eta denak itzuli ginen egongelara, eta amak eskutik heltzen ninduen eta aitak egunkaria irakurtzen zuen eta osabak ekarri zigarroa erretzen ari zen, eta haurrak elkar kasatzen baratzean, eta zu hemen, lasai aski, etzanean erran zion amak. Izebak ez zela deus pasatzen erran zuen, baina, beti berdinazela erran zuen amak, batzuetan pikotaraino zegoela. Gero osaba eta izeba joan egin ziren eta, zindoazenean , nire lehengusuak mingaina atera zidan eta nik ere gauza bera egin nion, eta aitak telebista jarri zuen, futbola jartzen zutelako, eta amak katez aldatzeko erran zion, bigarrenean pelikula bat jartzen zutela eta aitak futbola ikusten ari zela eta ezetz.
Gero baratzera joan nintzen, zuhaitzaren ondoan lurperatua duten panpina ikustera, eta atera nuen eta laztandu eta errietan eman nion ez zituelako eskuak garbitu bazkal aitzin eta berriz lurperatu nuen, eta sukaldera joan nintzen, eta ama negarrez zegoen eta ez egiteko negar erran nion .Gero sofan eseri nintzen, aitaren ondoan, eta une bat partidua ikusi nuen, baino gero aspertzen nintzen eta aita begiratu nuen, ez balu partidua ikusten bezala burua bertze toki batean zeukan. Gero iragarkiak jarri zituzten, anitz gustatzen zaizkidanak, eta gero partiduaren bigarren zatia, eta ama ikustera joan nintzen, afaria prestatzen ari zen, eta gero afaldu genuen y eta marrazkidun pelikula bat jarri zuten eta albisteak, eta antzinako pelikula bat, izena ez dakidan artista batena, ile hori, arras polita eta titi handiak zituena. Baina orduan ohatzera igorri ninduten berandu zelako eta eskailerak igo eta ohatzera joan nintzen, eta ohatzetik entzuten nuen pelikula eta aita eta amak nola eztabaidatzen zuten, baina telebistaren zaratak ez zidan uzten zertaz ari ziren aditzen. Gero oihuka liskarrean hasi ziren eta ohatzetik jatsi nintzen atera hurbildu ea ulertzen nuen zertan ari ziren, baina dena ilun zegoen eta ez nuen ongi ikusten, soilik baratzera ematen zuen leihotik sartzen zen ilargiaren argia eta, ongi ikusten ez nuenez trabatu nintzen eta itzuli nintzen ohatzera zer zen asotsa hura ikustera etorriko zirenaren beldur, baina ez ziren etorri. Nik eztabaidan jarraitzen entzuten nituen. Orain hobeki aditzen nuen telebista itzali zutelako, eta aitak amari gogaitzen zuela erraten zion eta iraintzen zuen eta ez zuela asmorik, eta amak ere iraintzen zuen eta ez dakit erraten zion etxetik alde egiteko edo bera joanen zela, eta emakume baten izena erraten zuen eta iraintzen zuen, eta gero beirazko zerbait hautsi zela entzun nuen eta gero oihu handiagoak entzun nituen, eta hainen ziren handiak ze ez nituen ulertzen, eta gero oihu lazgarri bat entzun nuen, eta gero ez nuen deus entzun. Gero zarata handia entzun nuen, baina bare, solairua garbitzeko besaulkiak mugitzen direnean egiten den antzekoa. Baratzeko atea isten sumatu nuen eta orduan ohatzetik jaitsi eta asotsa entzun nuen kanpoan eta leihotik begiratu nuen, eta hanketan hotza neukan, galtzerdirik gabe nagoelako, eta kanpoan ilun zegoen eta ez nuen deus ikusten, eta aita zuhaitzaren ondoan zulo bat egiten ari zela iruditu zitzaidan eta panpina aurkitu eta zigortu eginen nauenaren beldur nintzen, eta ohatzera itzuli eta era bat estali nintzen, aurpegi eta guzi, altxatua maindiri pean eta ilunpean eta begiek ongi etsirik. Aitzurtzeari utzi zutela aditu nuen eta gero pausu batzuk eskailerak igotzen eta loarena egin nuen eta gelako atea ireki eta gero begiratzen nauela, baina nik ez nuen ikusi nork begiratzen nauen, loarena egiten nuelako eta horregatik ez nuen ikusi. Gero atea itxi zuten eta lo gelditu nintzen eta hurrengo egunean, atzo, aitak erran zidan ama etxetik joan zela eta gizon batzuk etorri ziren eta galdetzen zuten eta nik ez nekien zer erantzun eta beti negarrez nintzen, eta osabaren etxera eraman ninduten bizitzera, eta nire lehengusuak beti jotzen nau, baino hori ez zen igandean izan.