Boneta berria jantzi zuen nire aitak
goiz hartan. Ezkontzeko egin zuen trajea, eta zapata distiratsuak
ere. Apezak herriko gizon denak deitu zituen, meza ondoan eliz
berriaren lehendabiziko harriaren azpian sartzeko, paper bat sinatu
behar zuten. Emakumeak ez zituen deitu.
1954an geunden eta nik 10 urte nituen.
Bi urte geroago eliz berria inauguratu zuten, eta besta ederra egin
zen herrian. Eliz zaharra bere gisa utzi zuten eta handik gutira erre
egin zen (?) Harri biluzian huntz-hostoak besarkaturik dirau.
Errepidetik heldu naizen aldiro hondamena ikustean, aitarekin
oroitzen naiz; eliza “moroek” egina zela erraten zuen beti; eta
Soratea baserria ere, biek zirela “moroek” eginak. Anitzetan
galde egiten diot nire buruari, zertaz erraten zuen aitak hori.
Arbasoetatik zetorkion informazioa zen doike, ez baizen nire aita
asmakizunetan ibiltzen zen gizona. Eta, hala bazen, agian meskita
izandakoa...(?) Nork daki?
Almandoz herri ttikia izan da beti.
Belateko magalean 450 metrotara, malda batean kokatua. Dozena bat
nekazarik lantzen ditu hango lur urriak. Haitzurdin errobiak lan
ematen dio bertze dozena bat gizonei. Bertze batzuk Iruña aldera
joten dira lanera, baina, duela hogei urte ez bezala,egun, herrian
bizi dira. Denetara 215 biztanle. Kaleak garbi, eta etxeak propiki
lorez apainduak; bat aipatzekotan apez etxeko ataria doike; apez
xarrak berak zaindua.
Antzinatik du bidea, merkatariak
ibiltzen zuten, eta dutena. Merkatari eta ibiltari ornitzeko ostatua
badu, aspaldi zaharrean zuen bezala. Almandoz izenaren jatorria ez da
argia, Alm.. horrek arabiar kutsua ematen dio (?) Apezarekin mintzatu
nintzen egun batean. Eliz zaharraren gain deus ez zekiela erran
zidan, zalantzari ez zion ezta tartetxo bat ere utzi. Datu bat eman
zidan, hamabigarreneko eraikina izan zitekeela norbaitek aipatu
zuela... Ez dun datu ttikia, pentsatu nuen nire baitan. Garbituko
balute, harriak ongi behatu, harlauzetan zizelkatutako (badaude)
hizkiak aztertu. Duintasun pittin bat itzuli,antzinako aztarnei,
betiere.