ERRESPETU GUTI
Goizean irratia entzutean jabetu naiz
amen eguna dela. Ni ama eta amatxi naizenez irudikatua ikusi naiz.
Irratian ama bi hizka-mizkatu dira eta biek zein errespetatuak diren
mintzo dira. Gosaldu ondoren nire etxe inguruko landareak behatzera
atera naiz, eta, ze ezbeharra, atariko nire landare ospetsuena gabez
hautsi egin didate. Gabez eta koldarki, inori molestatzen ez dion
landarea alajainkoa! Ze errespetu guti, ze ekintza itsusia, inongo
etekinik gabeko lana hartu du norbaitek, hori bai gabez.
Hamalau urte daramazkit etxean eta
urtero egiten didate mandatua, beti primaberako liliak loratzen
hasten direnean. Egundaino ez dut jakin zehatz zertan datzan arazoa.
Baina gauza bat ongi dakit, nire Baztan zoragarri honetan elkar
bizitza ez da behar den bezain egokia.
Egun batean, loreak hondatzen
zituztela, eta nire errankurak aditzean, maiz inguruan ibiltzen den
attun batek erran zidan kontuz ibiltzeko bailadako gizonak barrabilak
bere tokian zeuzkatelako. Zerak bere tokian akaso, baina, zera horiek
zertarako balio duten ez.