martes, 18 de noviembre de 2014

APEZA

Hamaika urte bertzerik ez zituen neskatikoak; amak gasna batekin bidali zuen apezarengana. Ez zen haren ama fede handiko emakumea, are gutiago gasna emailea, baina, bete beharreko ohitura izanen zen doike. Joan zen neskatikoa apez-etxera, eta serorak erran zion, apeza elizan zegoela. Joan zen neskatikoa elizara eta sakristian sartu. Apezak gustura hartu zion oparia, eta esku batekin ilea laztantzen zion unean, bertze eskuarekin titiak ukitzen hasi zitzaion. Haren sortu berri titi ttiki eta minberak; izutu egin zen, eta garrasika hasi. “Zazi etxera, eta ez erran deus amari joko zaitut eta”, erranez zakarki igorri zuen handik neskatikoa. Orduan, neskatikoak ez zuen deus ulertu. Ba ez bada ere zuen etxean tutik erran. Gero, anitz geroago “pederastia” hitza aditu zuen.

domingo, 8 de junio de 2014

SARRATEA AMERIKETAN

SARRATEA AMERIKETAN

EZ DAKIZUNEAN nora gan
Nondik heldu zaren behatu
Gerra ostean ezkondu ziren nire gurasoak. Nire aita gudatik etorri eta Iratin egin zituen bi urte aizkolari . Dirua irabazi nahi zuen ezkontzeko. Baserrian etxerako adina ateratzen zen baina ez zegoen dirua irabazteko modurik. Garai hartan bailarako mutilak Ameriketara gaten ez baziren mendira gaten ziren lanera. Mendian bizia gogorra zen. Aitak erraten zuen sei egun egiten zutela lan argi-astean hasi eta ilundu arte. Jateko baba beltza eta ogia goiz eta arratsez. Igandeetan beren poltsikotik ardi bat erosi eta ospakizun bat egiten zuten aizkolariek.

Ama soineko beltzaz ezkondu zen. Hogeita bi urteko neskatila zen baina orduan pobreak ez zirela zuriz ezkontzen erraten zuen amak. Etxean ez zegoen ezkontzaren argazkirik. Etxea erre zen eta etxearekin batera oroigarri guztiak.

Urriaren hamabigarrenean goizeko ordu ttikietan suak suntsitu zuen etxea eta etxearekin batera nire gurasoen ilusio eta asmoak. Bortitza izan zen. Bezperan aita uso ehizara gan zen eta amak ogia egin zuen. Labea sukaldean zegoen eta baserria zurezkoa eta zaharra zen. Gabez su hartu zuen eta, behiak ukuiluan orroka, aita iratzarri zuten. Deusetako denborarik gabe amak leihotik atera eta behiak askatu zituen. Ama haurdun zegoen eta neskato bat bizi zen etxean. Neska atera zen baino nire amak erosi zion soineko baten bila sartu zen eta bertan zendu. Suak bailara osoa argitu zuen eta auzokideak presaka laguntza ematera etorri ziren. Neskatilaren hutsunea sumatu zuten eta inguruko bazter guztiak miatu zituzten. Gero, mantsoago bakarrik, aurkitu zuten neskaren gorpua etxe errautsen hondoan, kiskalia.

Badakit ama arras gaizki egon zela. Auzoko etxe batera eraman zuten eta handik guttira ni sortu nintzen. Etxean ez zen honetaz egundaino deus erraten, aipatzeak bakarrik ama gaixotzen baitzuen. Berritik egin zuten etxea erre zenaren alboan.

Bi urtero anaia edo ahizpa berria sortzen zen eta horrela hamabi urte nituela sei haurride ginen. Hiru urterekin hasten ginen eskolan eta pozik gaten ginen batez ere bertze haurrekin jostatzen ginelako.

Gibelera behatzen badut gure haurtzaroa zoriontsua izan zela uste dut. Etxeko giroa goxoa zen, ongi elikatzen ginela uste dut. Harri-burdinaz egositako esnearen usaina oroitzen dut, talo bigunaren testura eta ogi egin berriaren zaporea. Igandeetan amak bazkari berezia egiten zuen, oilo zaharra hil eta zopa barazkiekin hasteko gero garbantzuak, (astegunetan, etxeko babarrunak) oiloa lapikoan, eta postrea natila zuringoa elurretan, gaileta gainean. Ehiza garaian usoa edo basurdea eta garizuman bakailaoa ostiraletan. Bazkotan eta eguberritan bildotsa errea. Gaztanbera eta gasna, eztia, intxaurra, gaztaina erreak. Produktu guztiak etxean ekoiztuak.

Artaldea geneukan etxean eta nik ikaragarri maite nituen bildotsak. Udaberrian ardiak erditzen zirenean goizero gaten nintzen ukuilura bildots sortu berria ikustera. Aitak erraten zuen arras artzain ona nintzela muturretik ezagutzen nituelako etxeko ardiak. Amari ez zitzaion anitz gustatzen nire zaletasuna. Ez zituen alabak nekazari nahi.

Aitak kontrabandoa egiten zuen gabez dirua lortzeko. Mugalariek kafea, setazko galtzerdiak edo arrodamenduak… zametan pasatzen zituzten ipar aldetik hego aldera. “Zerak zertzera” gaten zela aita gauez erraten ziguten haurroi. Guda ostean ez zegoen dirurik. Baserrian janaria bazegoen baino baziren gauzak erosi behar zirenak. Arropa, altzariak, kafea, azukrea eta abar. Merkataritzak ez zuen funtzionatzen, urtean pare bat aldiz merkatuak egiten ziren non baserriko produktuak salgai paratzen ziren baina bezero gehienak baserritarrak zirenez nekez saltzen ziren arrautzak, zerrikumeak edo aratzeak.

Ttikia nintzen baino oroitzen naiz nola etorri zen aita blai egina ilunabarrean bi mutilen antzinen. Mendian bahitu zuten aita. Pistolarekin destatu eta Frantziako mugaraino eraman ziezaien agindu zioten bi mutilek. Aitak arropa eta oinetakoak aldatzeko etxetik pasatzeko eskatu zien. Aita etxean sartu zen, mutilak atean gelditu ziren zain. Aita eskopeta eskuan atera zen eta mutilak ezustean harrapatu zituen. Eskopetekin zuzenduta eraman zituen Frantziako mendiak ikusten ziren tokiraino eta tiro bat airean bota ondoren ¬_ Mendi horien bertze aldian duzue Frantzia, gibelat behatu gabe segi aurrera_ erran eta itzuli zen etxera.
Ama negarrez, etsipenean hartu gintuen eta belauniko arrosarioa errezatzen egon ginen aita etorri arte.

_Makiak ziren aita bahitu zutenak? Ez dakit, nolanahi ere gogorrak izan behar zuten baserritarrak garai horietan.

Etxean politikaz ez zen egundaino solasik egiten. Beti pentsatu dut gogorrak jasandakoak zirela guda garaian. Amaren familia karlista sutsua zen. Aldiz aitarena berez euskaldun fededuna . Benetako euskalduna zen erdaraz ia ez zekitelako. Arbasoen lurraldean bizi zen. Antzinako ohiturak zalantzan gehiegi jarri gabe. Guda hasi zenean aita Burgosen soldadu zegoen eta horrela jarraitu zuen hiru urtez. Gutitan hitz egiten zuen gudan gertatutakoaz, ez zuen zarrastako bat ere jasan, hotz ikaragarriak jasan zituen Teruelen. Bartzelonan emakume batek pistola ttiki bat erregalatu zion baino etxearekin batera erre zen. Zaldierian egin zuen guda zaldiz ibiltzen betitik zekielako. Guda bukatu zenean atxilotu zuten Bilbon eta zortzi egun ziegan egon zen. Nonbait zaldi-ilea erosten zietenak bazeuden bizarra mozteko isatsak egiteko eta soldaduek zaltokian zaldiak orrazten zituztenean zaldiaren buztan azpitik ile batzuk mozten zizkieten diru pixka bat ateratzeko. Aginte militarrak ikusi zituen zaldien ile hutsuneak eta tropa formatu zuen. Orduak egon omen ziren zutik mugitu gabe baina inork ez zuen inor salatu. Ilea erroetatik moztua agertu omen zen herrian nire aita.

Amarekin euskaraz eta erdaraz solas egiten genuen. Amaren amak euskara gorrotatzen zuen. Jeneral karlista izandako baten alaba zen. Isidoro Arzoz 1.842 urtean Lizarran sortua. 1.859 urtean Marokon gudan egona. Carlos VII.arekin 1.876urtean muga pasa zuen eta Donibane Lohitzunera erbesteratu zen. Urtebete egin zuen non nire amatxi sortu zen.

Beti egon da amaren familian Isidororen argazki bat. Mutil sendoa ematen du, sudur eder baten azpian bibote handia dauka. Buruan Zumalakarregi modura boneta eta bularretakotan domina eta urre koloreko kateak.

Beti ukan dut zalantza ez ote ziren Arzoz arrak juduak. Lizarran juduen komunitate handi bat egona da. Batzuk ihes egin zuten baina baziren gelditu eta fede Katolikoa beharturik besarkatu zutenak. Bazegoen nire amaren fedean harako bortxako aspektu bat. Nahiz eta ez sinetsi bete behar ziren erritoei garrantzia ematen zion. 85 urterekin hiltzen laguntzen ohorea ukan nuen eta ez zuen apaizik eskatu, nolabait erlijioren kateak moztu balitu bezala. Tradizioz familiako gizonak zurginak ziren eta horrek erran nahi du ez zutela lurrik. Merkataritzan trebeak. Gainera irakurtzeko ohitura zeukaten. Nolanahi ere irakurtzearen leinua nik hartu nuen, gazte hasi nintzen eskura ailegatzen zitzaidan guztia irakurtzen. Beti oroitzen dut. Egun batean ganbaran liburu zahar bat aurkitu nuen eta orduak egoten nintzen irakurtzen, ez nuen anitz ulertzen baino anitz gustatzen zitzaidan. Kontatzen zituen historiak sinesgaitzak izan arren nik egiazkotzat jotzen nituen. Mantsoago jakin nuen “El Quijote” irakurri nuela.

Amak ez zituen alabak nekazari nahi. Hamabi urte nituela betiko utzi genuen sor-baserria . Eta baserriarekin batera bizimodu bat. Ez dakit hobea ala txarragoa, erabat desberdina baizik.

1.985. urtean Paraguai eta Argentinatik itzuli bat egin nuen. Buenos Airesen Juan de Garai fundazioa bisitatu nuen eta han “usted ostenta el nombre de un benefactor de la patria Don Manuel de Sarratea” erran zidan idazkariak.

Ikusmina sortu zidan eta hasi nintzen nire aitaren arbasoak ikertzen. Arakatu nituen inguruko elizak daten bila, aitaren aita nor zen, eta haren aitatxi, eta horrela, 1.690. urtera ailegatu nintzen.
Pedro Sarratea Sorondarena 1.690an Oronozen sortua.
Joanes Sarratea eta Catalina Sorondenaren iloba. Goienechea etxearen jabeak.
Hortik aitzina ez nuen deus aurkitu eta kaxa batean sartu eta ahantzi nituen paperak.

Hogei urte mantsoago aurkitu nuen txostena eta berriz ere jakin-minak bultzaturik interneten hasi nintzen ikertzen.

Manuel Sarratearea Buenos Airesen 1.774ko abuztuaren 11n sortu eta 1.849an Limogesen hil zen. Argentina nazioaren sortzaile aktiboa izan zen. Lehendabiziko “Hiru-Aginte” kide, aginte militarra, diplomatikoa eta Buenos Aires probintziako gobernadorea besteak beste.
Itxura onekoa, hiztun hobea eta hezitasun apartakoa, Erlazio publikotan abila eta arrakastatsua. Prestigio handia izan zuen garaian. Argentinako XIX. gizaldiaren lehen erdiko gertaeretan parte hartu zuen.
Aita Martin Sarratea, Oñatin sortua, aitatxi Juan Manuel Zigan (Baztan) eta aitatxiren aitatxi…Joanes Sarratearen enborretik ni neu bezala.

MARTIN

Oñatin sortu zen 1.731.urtean 1.750an gan zen Buenos Airesera. Cadizetik atera zen, Martin Altolagirrek hiru bidai txartel eskatu zituen idatziz bera eta bi morroientzako. Morroi haietako bat Martin Sarratea zen. Eta horrela dator dokumentuan. Martin Simon Sarratea 19 años buen cuerpo, blanco, delgado y un lunar en el lado derecho de la cara…

Altolagirre familia Albistur (Gipuzkoa) ondorengoak Buenos Airesen indartsuak ziren. Martin Altolaguirre Buenos Aireseko lehen botanikoa izan zen eta hamar mila zuhaitz landatu zituen “Los Tapiales” bere etxearen finkan. Intxaurrondoak hari bidez oraindik irauten dute. Etxea eta baratzak patrimonio historikoak dira.

Buenos Aires kaiaren inguruan sortu zen. 1.536an Pedro Mendozak eliza, etxe bat eta etxola batzuk eraiki zituen, baina bertakoek gogor aurre egin zieten eta ihes egin zuten. Ibaia igo eta Asuncion hiria sortu eta han gelditu ziren. 1.580an Juan Garai espedizioen buru itzuli eta lurraldea okupatu eta Nuestra Señora del Buen Ayre deitu zuen. Itsasoaren atea zela berehala ikusi zuen Garaik. Merkatariak egokitu ziren bertan, Metropoliak Rio de la Plata lurraldearen zuzendaritza Asuncionen paratu zuen eta Buenos Airesek ez zeukan kaia irekitzeko ahalmenik baina kontrabandoari gogor eutsi zieten. Koroari zergak ordaindu gabe Potositik ateratzen ziren zilarraren hiru laurdenak bertatik itsasoratzen omen ziren.

Ez dakigu zertan jardun zuen Martinek lehendabiziko urteetan. 1.767 urtean Sarrateak Tomasa Altolagirre bere ugazabaren alaba ezkondu zuen. San Nicolas de Bari elizan, Frai Francisko Altolagirre emaztearen anaiak bedeinkatu zituen ezteiak.

1.777 urtean metropoliak Rio de la Plata kolonietako hiriburua Buenos Airesen jarri zuen. Aduana ezarri zuten eta hiriak garrantzi handia hartu zuen. Urte bat geroago Juan Jose Vertiz lehen errege orde criolloa izendatu zuen Espainiako erresumak. Eta honek Martin Sarratea erregidore egin zuen. Kargua garrantzi handikoa zen, Buenos Aireseko diruak fiskalizatzen zituelako.

“Argiaren erregea” izengoitia ezarri zioten Vertiz errege ordeari. Buenos Aires hiriko lehen zentsua egin zuen: 37.000 biztanle. Unibertsitatea jartzeko lehen urratsak eman zituen. Umezurztegia ireki eta bertan inprenta eta torkuloa grabatuak egiteko paratu zuen. Cordobatik gurdiz Jesuitak bota zituztenean utzitako egoitzatik ekarri zituen tresnak.

Buenos Aireseko lehendabiziko Inprenta honek denborarekin prestigio handia ukan zuen. Bertan inprimatu ziren independentzia bultzatu zuten txostenak, gobernu berrien dokumentuak eta metropolien zentsura burlatuz espainolez gain guaraniz, aymaraz, edo quechuaz idazten ziren. Vertiz jaunak beti babestu zuen eskola. Anitzetan bere diruarekin izan zen.

. Ranchería antzokia eraiki eta argia hiriko kaleetan paratu zuen Verticek bertzeak bertze.

Umezurtz etxea Jesuitak utzitako egoitzan egokitu zuten eta Martin Sarrateak zuzendu zuen lehendabiziko bortz urteetan. (Todo debe hacerse para el pueblo y no por el) eskribitu zuen Sarrateak 1.779ko abuztuaren 4an kontaduria liburuaren lehen orrialdean. Lehendabiziko umezurtza neskatiko larru-beltza izan zen. Bataiatu zuten eta Feliciana Manuela izena eman zioten.

Buenos Aires eta Montevideoko kaietatik sartu ziren Hego Ameriketara eraman zituzten afrikar jopu gehienak. 1.711 bitarte frantsesak egiten zuten lan hori, gero 1.763raino ingelesak, handik aitzina portugesak kontrabandoz. 1.788 Espainiak hartu zuen leinua.

1.711 urtean Robert Harleyek The South sea Company sortu zuen. Hego aldeko itsasoko merkataritzaren monopolioa lortu zuen( Asiento de Negros) jopuak harrapatzeko monopolioa Ingalaterrari eman ziotenean Espainiako jarraipen guda bukatu eta negoziaketa ondoren. Kontratu honek 4.800 afrikar urtean harrapatzeko ahalmena ematen zion. 30 urtez. . Konpainiak burtsan kotizatu zuen eta kapitalismoaren lehen burtsa krisia bultzatu zuen. Jende anitz zorrak jana gelditu zen. Isaac Newton munduko zientzia-gizon handienak bere aurrezki guztiak galdu zituen. Negozioek porrot egiten zuten. Baziren bere buruaz bertze egin zutenak ere.
Konpainiak jarraitu zuen 1763 arte. Ingalaterratik ateratzen ziren jopu ontziak Ginea Golkoan afrikarrak harrapatu eta Rio de la Platara eramaten zituzten. Gero larrua, artilea, zilarra eta hainbat produkturekin itzultzen ziren jopu ontziak.

Carlos III.ak 1.787 urtean Real Compañia de Filipinas enpresarekin Rio de la Platan jopu merkatuaren monopolioa eskuratu zuen. Negozioa martxan paratzeko plangintza surrealista bat egin zuen. Lehenik merkatuen ikerketa bat eskatu zuen jopu bakoitzaren kostua aztertzeko.

1.784an umezurtz eskolaren zuzendaritza utzi eta Madrilera etorri zen bizitzera bere familiarekin Martin Sarratea. Karlos III.ak merkatua aztertzeko “jopu negozioan jakintsu komite bat” sortu zuen eta “Real Compañia de Filipinas” akzionistei ere aditu zitzaien. Konpainiaren akzionista handiena erregea bera zen baina Sarrateak ere bazituen bereak eta, jopu negozioan aditua zenez, lan batzordearen partaide izan zen.

Jopu negozioan Ordurainoko azpiegitura erabiltzea erabaki zen. Ingalaterran Baker and Dawson konpainia kontratatu zuten.

Bi ontzi upategi handirekin egokitzea, ura eta janaria eramateko deposituak, ozpina desinfektatzeko, kanoiak Frantsesen, portugesen, ingelesen, eta holandesen erasoei aurre egiteko eta kateak jopuen matxinadak kontrolatzeko eskatu zuen batzordeak. Ontziek bi mastakoak behar zuten izan zalu ibili ahal izateko. Sendagile bat, bi marinel eta pilotu bat espainolak izanen ziren. Itsasontzia Ingalaterrako ikurrarekin aterako zen, Ginea Golkoan jopuak hartu eta Santo Tome irlan geldialdi bat eginen zuten tripulazioak atseden bat har zezan, eta mandioka irina frijola eta palma koipea prezio onean erostera, jopuei bazka egiteko, gero, Rio de la Platara ailegatzean ikurra aldatuko zuen espainola jarriz. Portugesek egiten zuten bezala kostuak jaisteko marinel xeheak jopuak izanen ziren. Denetara jopu bakoitza 155 peso kostatzen zen. Baker and Dawson konpainiarekin sinatu zen tratua bi urterako eta honek 6.000 afrikar urteko entregatzeko konpromisoa hartu zuen.

Merkantzia hautatu behar zen. Hoberenak, “pieza” 18 eta 25 urte bitarteko gizonezkoak. “Mulekones” 14 eta 25 bitartekoak eta neskatilak 10 eta 14 urterainokoak preziatuak ziren. Maztekiak 25 urtetik beherakoak izan behar ziren.

Itzuli zen Buenos Airesera jopu negozio azpiegitura Rio de la Platan antolatzera eta bitartean jauregia eraikin zuen Sarrateak.

Martin Sarratea Real Companía de Filipinas enpresaren partaide eta Buenos Aires eta Uruguaieko kaian konpainiaren apoderatua zen. Jopuak sartzeko barrakoiak eraikitzeko mandatua hartu zuen, eta ongi ezagutzen zuen The South sea company-ek erabiltzen zituen areto erraldoiak udalari erosi eta prestatzen ari zela Buenos Airesko biztanleek eragozpenak jarri zizkion usai, zarata eta eritasunak ekar zitzaketela jopuak etxe artean argudiatuz. Baino ez zen Sarratea gibelat egiten zuten horietakoa eta bertze terreno batzuk bere diruarekin erosi eta aretoak prestatu zituen Principe eta Princesa jopu ontziak ailegatu zirenerako.

Principe ontzia Boni Gineatik 427 jopurekin atera zen, 363 bizirik ailegatu ziren. Princesak bide berdina egin zuen eta 412 tik 349 afrikar soilik ailegatu ziren bizirik. Kaian 164 hil zirenekin batera konpainiak galera handiak izan zituen. Sarrateak Espainiako erregeari eskutitz bat zuzendu zion jopu bakoitzerako kaian ordaindu behar zen zerga ( 9 peso) ez ordaintzea eskatuz. Erregeak onartu zuen eskaera. Negozioak porrot egin zuen eta bi urtetan bertan behera utzi zuen Carlos III. ak jopu negozioa.

Baino ekintza ez zen gelditu. A los cuatro dias de noviembre de 1.799 se reciben quinientas cuarenta cabezas de negro. Contando con trescientos veinte mulecones de aprosimadamente quince años, y un centenar de muleques menores de diez años la mayoría tienen mala dentadura y estan muy flacos aunque con una buena alimentación serán aptos para el trabajo. Paper batean eskribitu zuen Martin Sarrateak. “Principe” jopu ontzian etorri ziren afrikarrak zenbatu eta gero. Geroago burdinaz markatu eta oraindik haragi errea usaia zeriela saltzen zituen Sarrateak jopuak. Hoberenak prezio onean, gajo eta herbalekin beherapenak egiten zituen.

Gainera Ipar Amerikanoei “fragata” bat erosi zien jopuek garraiatzeko. “Santa Magdalena” paratu zion izena. Benetan izen aproposa.

MARTINA

Fortuna handia egin zuen Martin Sarrateak. Jauregia eraiki zuen eta gizaldi bukaeran Buenos Aireseko etxe garrantzitsuenetakoa zen berea. Baina Sarratearen fortuna beltza zen eta hala edo nola garbitu behar zuen. 1.791. urtean hidalgia ziurtagiria eskatu zuen Oñatin. Odolaren garbitasun agiriaren txostenean horrela dator “natural de la villa de oñate, hijo lejitimo de Don Juan Sarratea natural de Ciga en el valle del Baztan, reino de Navarra en España”
Badirudi Baztango ondorengoa izateak kapare egiten zuela eta horrek baliabideak ematen zizkiola. 1.441.ean erregeak baztandarrak kapare egin zituen dekretuz. “Los vecinos et moradores en la dicha tierra de Baztan, así clerigos, como legos , fijosdalgos, francos et indepnes de toda pecha et servetud...”

Martina Sarratea 19 urteko alaba ezkontzeko zegoen. Santiago Liniers zen ezkongaia. Gizonak ez zeukan dirurik, zorrak baizik, baina bai prestigioa. Fragata kapitaina zen Espainiako gobernuak bidali zuen Rio de la Plata ingelesen erasoengandik hiria defendatzera. Sarratea merkataria zen, diru anitz zeukan eta “aristokrazia “erosteko prest zegoen. Buenos Aireseko katedralean 1.791. urtean, abuztuaren 3an ezkondu zen Martina. Frai Francisco Altolaguirre bere osabak eman zion bedeinkazioa.

Liniers bikotea funtzionario soldata eta andrearen familiaren laguntzarekin gain-bizi zen. 1.802an Santiago Liniers Misiones probintziako gobernadore izendatu zuten eta bere familiarekin Candelaria hirira joan zen. Hemen gauzak ez zitzaizkien nahi bezain ongi atera. Soldata ez zieten ordaintzen. Zazpi ume, Martina haurdun eta dirurik gabe, belaontzian Parana ibaia jaisten, Sarratea etxe aldera izurriteak jota, marinelen erdiak, etxekoandrearen zerbitzari larru-beltza eta Martina bera zortzigarren haurra umatzean hil ziren.

El 29 de abril de 1805 di sepultura con entierro mayor en la capilla del as Conchas a Martina Sarratea legitima mujer de Santiago Liniers gobernador de Papes y Guaraní.

El 29 de abril de 1805 di sepultura con entierro menor al cadaver de Pilar Sarratea negra y libre.

Egun berean haur sortu berria bataiatu zuten. Mari Dolores izena eman zioten.

Liniers familia Martin Sarratearen etxean egokitu zen eta 1.806ko ekainaren 25ean ingelesak Buenos Aires gain-eraso zuten, arras erraz sartu ziren eta ezustean hiria hartu zuten. Conpañia de Filipinasek Buenos Aireseko fuertean gordeta zeukan altxorraren bila zebiltzan ingelesak baino Sobremonte Errege ordea altxorra hartu eta ihes egin zuen Cordobara. Orduan ingelesek kaiko ontziak hartuz hiria inguratu zuten errege ordea presionatzeko. Merkatariek maltzurkeria handiz hartu zituzten harrapatzaileak. Martin Sarrateak bere etxean ongietorria afari batekin eman zion Bersford almirante Ingelesari. Hasieratik kontrolatu eta entretenitu zituzten egozketa prestatzen zuten bitartean. Santiago Liniersek heroikiro defendatu zuen hiria eta abuztuaren 12an Bersford almirante berak etsipena sinatu zuen Sarratea etxean. Santiago Liniers ohore guztiekin hartu zuten hirian. Herriak, algara ikaragarrian, Buenos Aireseko kaleak bete zituen Liniersen desfilea jarraituz. Herri kondairak dionez Santiagoren segizioa leiho batetik jarraitzen zuen emakume eder batek esku zapitxo lurrintsu bat izenarekin bordatua bota zion gizonari.
“Ameriketako Mata-Hari” Perichona edertasun handiko emakumea zen. Senarra Thomas O”Gorman merkataria zen eta anitz bidaiatzen zuen. Perichonaren bizia higitsua, erotikoa eta politikoa izan zen. Bere etxea kontrabando eta negozio ilunen babesle zelarik. Ingelesen espia izatea leporatu zioten eta azkenean Buenos Airesetik egotzi zuten.

Virrey izendatu zuten Liniers 1807urtean herriaren babesarekin, eta Perichonarekin ero bat bezala maitemindua bere etxera eraman zuen maitalea. Garaiko kazetaritza arrosan famatuak izan ziren bikotearen ibilaldiak. Baino gobernuk ez zuen ongi hartzen iskanbila eta gogor ohartarazi zuten. 1.809an Baltasar Cisneros bidali zuen metropoliak Rio de la Platara iraultzaren sua itzaltzera. Eta Liniers kargugabetu zuten.

Altxorraren ibilbidea.

1.810ko maiatzaren 25ean independentistek Conelio Saabedrak zuzenduta gobernu junta bat osatu eta Cisneros bota zuten. Liniers metropoliaren aldekoa ekintzaren aurkako talde baten buru aurre egin zion. Baino atxilotu eta abuztuaren 26an talde osoa fusilatu zuten. Ez zituen ongi neurtu indarrak Santiagok: Sarratea familiak bizkarra eman zion. Ez zen jabetu otso artean bularretako dominek balio anitzik ez zutela.

Martina guztiz maitagarria egin zait. Erromantiko ameslaria, kondairak dionez Santiagorekin maitemindu zen eta Erreginordea izatearen ametsak iraun zuen alaitsu senarraren handikeriak zekarzkion etsipenak jasanez. Hamalau urtetan zortzi ume sortu zituen. Dirurik gabe, ahuldua, izurriak zendu zuen aitaren babesa bila zetorrela. Bere zerbitzari beltzari izena eta libertatea emana zion.

MELCHORA

Martin Sarratearen etxea handia zen: 3.000 metro koadro denetara. Famatua zen eraikinak barruan zeukan patioa. Jasminak, arrosa landareak, igokariak paretatik gora, lurrin oneko mahats ondoak. Eta denen artean zumezko eserlekuetan, zeramikaz hornitutako mahi inguruan esertzen zen hiriko gizarte garrantzitsuena. Merkatariak, militarrak, intelektualak, artistak…

Meltxora Sarratea, “Madame Stael” (deitzen zuten) Martinen alabak “terulia”literioak antolatzen zituen. Liberala zen bera eta bere etxean erein zen independentziaren hazia. Bizi soziala etxeetan egiten zen garaian. Aurrea lau etxek zeukaten. “Escalada” “Balbastro” Luca” eta “Sarratea” Jabeak merkatariak ziren eta luxu handian bizi ziren. Emakumeak eragin handia ukan zuen iraultzan. Melchora neska ederra eta elegantzi handikoa zen eta bere etxeko saloietan astean behin egiten zituen tertuliak. Bisitariak jantzi eta apaingarri hoberenekin gaten ziren. Ezkon gabeak bikote bila. Ezkonduak maitalea. Politikoek aukera, Espiak informazioa. Abertzaleek kidea… Ilustrazio idazleen liburuak eskuz esku pasatzen zituzten.
Garaian Buenos Airsen ez zegoen liburu dendarik. Liburutegiak pribatuak ziren. Melchorak artistak babestu zituen, emakumearen emantzipazioaren alde lan egin eta iraultza bultzatu zuen.

1.776 urtean Ipar estatu batuek independentzia deklaratua zuen eta Giza Eskubideak sinatu zituzten. Jabego pribatua eta merkataritza librea ere sinatu zituzten. Honek eragin handia ukan zuen batez ere kriollo gizartean. Aginteek zentsura handia ezarri zuten. Voltaire, Rousseau, Montesquieu edo Dideroten liburuek ez zuten aduana pasatzen baina beti gertatzen den bezala, ez dago debekatzea bertzerik jendea zerbait egitera bultzatzeko, eta hala edo nola jendea filosofia berriez jabetzen zen. Metropoliak erregeordea, kargu garrantzitsuak eta funtzionarioak ezartzen zituen. Espainiatik bidaltzen zituzten. Nolabait kriolloak bigarren mailakoak sentitzen ziren. Gero eta gehiago ziren independentziaren alde zeudenak.
Haragi kanapeak azukrearekin hornituak, urdaiazpikoa, ardo portugesa, fruitu zukuak, txokolatea… eskaintzen zen bileretan. Kartetan jolasten zuten. Altxapeka ere aritzen ziren. Ordu ttikiak ematen zieten “polka” dantzan. Dudarik gabe atseginak izanen ziren Meltxora Sarratearen “tertuliak”

Melchorak, liberala, feminista, intelektuala, iraultza sakonki bizi zuen. Manuelek bere anaiarekin elkartasun handia ukan zuen. Biek hautsi zituzten metropoliarekiko kateak. Ez zen erraza garaia emakume liberalentzako. Gizonaren babesean bizi ziren . Etxetik kanpo ez zuten lanik egiten. Politikan ez zieten aukerarik ematen. Etxeetan kondenatuta zeuden eta etxeetan hasi zuten iraultza. Baziren senar hilaren fusila hartu eta gudara joan zirenak. Urrezko bitxiak saldu eta dirua biltzen zutenak gudarako. Edo jantziak josten zituztenak gudariak beztitzeko. Madame Estael deitzen zuten bezala etxean gelditu zen, baina etxea ireki egin zuen.

MANUEL

Martin Sarratea bere semeari heziketa apartekoa ematen saiatu zen. Hamar urteko mutikoarekin familia osoa etorri zenean Euskal Herrira Bergaran “Seminario patriotico vascongado” deitzen zen eskolan utzi zuen mutikoa. Goi mailako eskola zen. Peñaflorida kondeak bultzatua.

“Caballeritos de Azkoitia” deitzen zuten taldea Intxausti jauregia Azkoitian Peñaflorida etxean biltzen ziren eta kultura bultzatu zuten. Europako herrialdeetan ikasiak ziren eta ilustrazioaren ideiak barneratu zituzten. Inteligentzia handiko gizona zen Peñaflorida kondea eta Euskal Herriaren iragana gazteen heziketan zetzala arduratu zen. Zientzia eta teknikaz gain formazio humanistei garrantzi handia ematen zion taldeak. Gizarteak modernitatearen bidea har zezan 1.769an Bergaran ireki zuten kolegioa. Espainiako Karlos III.ak Espainiako lurraldetatik Jesuitak bota zituenean hutsik gelditu zen seminarioan egokitu ziren. Goi mailako irakasleak kontratatu zituzten, Samaniegok hari bidez La Fontainek frantsesera itzuli zituen Esopo greziarraren fabulak erdarara itzuli zituen 1.771n Bergarako eskolarentzako, ikasleen irakurgai izan zitezen. Proustek kimika ematen zuen eta Elhuyarrek fisika. Irakasle gehienak Frantzian heziak ziren eta Peñafloridak zuzentzen zuen kolegioa. Karlos III.aren diru laguntza bazuten, baino laguntza handiena kolonietatik hartzen zuten. Familia ahaltsuak semeak bidaltzen baitzituzten zortzi urteekin. Prestigio handia lortu zuen eskolak: bertan intelektual anitz formatu zen.

Bergarako eskola herftsi zenean bertako artxiboa Herriko artxibo orokorrera eraman zuten. Gan nintzen ea ze dokumentazio zegoen Manuel Sarrateri zetxekien eta kolegioan egondakoen zerrendan zetorren. Ordenagailutik atera zidaten zerrenda. Beraz, datu hotzak. Baina mutikoaren gastu xeheak kaier polit batean eskuz idatziak eskuratu zizkidaten, koadernoa eskuan neukala zirrara sumatu nuen. Mutikoak ukitutako berbera ukitzen ari nintzen. Kaiera anitz erabilia zen. Kaligrafia ederrez idatzia. Berrogei bat mutilen datuak zeuzkan, bakoitzari horri alde bat zetxekion, eta sei hilabeteko gastuen xehetasunak zetozen.

Gaineko aldean izena eta abizena. Gero beharkizunen zerrenda, eta horrela zen. Igandetako saria. Sastrea. Oinetako konponketak. Posta zergak. …. Eta denetara 1. 043-30 Real. Atalaren beheko partean familiak izendatutako administrariaren izena. Manuel Arabolaza.

Manuelek denetara zazpi urte egin zituen Bergarako eskolan. 1.785urtean abuztuan ailegatu zen. 1.792urtean apirilean atera zen. Gero, Cadizen familiaren negozioetan lan egin zuen non frantsesa eta ingelesa ikasi zuen.

1.800. urtean urtarrilaren 2an Buenos Aires hirirako bi txartel bidaia eskatu zituen Sevillan. Bera eta Miguel Antonio Barrena bere morroiarentzako.

Manuel Sarratea 24 urterekin ailegatu zen Buenos Airesera. Beraz 13urte egon zen etxetik kanpo. Agian arrebaren ezteietara janen zen, baino ez daukagu daturik. Garaiko grabatuen arabera mutil ederra zen, aberatsa eta arrakastatsua. Kriolloa eta abertzalea, independentziaren alde beti lan egin zuen. Eztabaidazalea izan zen, kontraesan anitz izan zituen bere ekintza publikoak. Hezitasun apartakoa, ilustrazioaren ideiak tinko barneratu zituen.

Iraultza hasierako ekintzak ikaratu (CONBULSIONO zuten Buenos Aires. Kriolloek merkataritza menperatzen zuten. Berez metropoliak zeukan merkatuaren monopolioa. Baino kontrabandoa “legala” zen eta hau kriolloen esku zegoen. Hauek gogorki indartuak independentziaren aldeko mugida hasi zuten. Bertze aldea metropoliaren funtzionarioak eta errege ordearen inguruan profitatzen zutenak osatzen zuten.

Bazegoen bertze liskar bat aspalditik Rio de la Platan eta iraultzak berpiztu zuen. Uruguai eta Buenos Aires arteko lehia kaiaren jabegoa zeinek lortu zen.

Denbora berean Gerbasio Artigas matxinatu zen Espainiaren aurka Uruguain bandolero indio eta langileekin ejertzito bat osatu ondoren. Artigas abertzalea eta iraultzailea zen eta gobernu ezkertiar bat nahi zuen Rio de la Platan. Buenos Airesen honek kezka sortzen zuen. Liskarra urte askotakoa izan zen. Sarratea eta Artigas, etsai amorratuak, antagonikoak ziren: Artigas gaztetan bandolero izana, “gizaki libreen babesle” deitzen zuten, aldiz, Sarratea, hezitasun apartakoa, aberatsa eta gizarte “kriolloan” eragin handikoa. Biak ziren hiztun onak eta nortasun handikoak eta talka ikaragarria izan zen.

Metropolia gero eta ahulago, porrot egina, ustelkeriak jana indargabe zegoen arazoei aurre egiteko. Aldiz gizarte Kriolloa ibaiaren bi aldetan berritik hasten zen. Ilustrazioaren ideiak barneratzen ari zen, dinamikoa zen eta dirua zeukan.

1.810. urtean “Maiatzako iraultza” izan zen: Argentina estatu berriaren sorrera. Metropolian bi urte lehenago Fernando VII.a erregeak Baionan abdikatu zuen Jose Bonaparteren alde. Buenos Airesen gaizki hartu zuten Frantziaren jabegoa eta Baltasar Hidalgo Cisneros Espainiako errege ordea bota eta “kriolloek” Cornelio Saavedra lehendakari gobernu bat ezarri zuten. Gobernu honek Fernando VII.aren izenean gobernatzen zuen nahiz eta independentziaren alde egon. Gobernua kontserbadorea zen. Agintariak aldatu nahi zituen baina hortik aitzina gauzak berdintsu nahi zituen. Baziren, aldiz, benetako iraultza egin behar zela uste zutenak. Eta Espainiaren aurka egiteko taldeek zuten adostasuna hautsi zen Cisneros bota ondoren.

Ingelesek Rio de la Platan interes handiak zituzten eta Brasilen enbaxada zeukaten. Manuel Belgrano iraultza ideologoak Rio de Janeirora bidali zuen Sarratea Lord Stangfordrekin bakea negoziatzera. Portugesekin baino ez zuen arrakasta handirik ukan.

Hamahiru hilabete geroago, disidente talde batek bota zuen Saabedra eta lehen triunbiratu edo hiruko aginte gobernua ezarri zuen. Manuel Sarratea, Felicioano Chiclana eta Juan Jose Pasok osatu zuten. Rivadivia idazkari. Metropoliarekin erabat moztu nahi zuten eta gizarte kriolloen indarra zeukaten. Baina aginte berriek oztopo handiak aurkitu zituzten. Uruguain Artigasek nekazari eta langileen artean ejertzito bat osatu eta gobernu popular eta ezkertiar bat ezarri nahi zuen Rio de la Platan. Aldiz, Sarratearen taldeek gizarte kosmopolita eta aurrerakoia nahi zuten. Perun jauntxoen erasoei, eta bertzetik Portugesei ibaian aurre egin behar zieten. Sarratea bidali zuten Perura jauntxoei aurre egin gabe negoziaketa bidez ejertzitoaren jabegoa hartzera. Baina ez zuen arrakasta handirik ukan. Triunbiratuak hamahiru hilabete iraun zuen eta “Lau aginteko” gobernua osatu zenean Sarratea kanpoan gelditu zen. Baina ejertzitoaren buru jarraitu zuen.

Metropoliak armada bidali zuen Rio de la Platako matxinada kontrolatzera eta Montevideon gotor egiten zieten Buenos Aireseko indarrei. 1.813an Rondo koronelak Sarratea bidali zuen ejertzitoaren buru gatazka kontrolatzera. Handik gutxira berriz ere gobernuz aldatu zen eta aginte berriek ez zuten Sarratearen kudeaketa begi onez ikusten. Batez ere Artigasekin zuen liskar pertsonala oztopo bat zelako Espainiaren aurkako indar militarren batasunerako eta kargugabetu zuten.

Agindua ez zuen ongi hartu Sarrateak eta bere agintepean zeuden ofizialak eta batailoia bildu zituen. Zaldi trostan gurutzatu zituzten Uruguaiko belaiak inguruan ikara sortuz. Erre zituzten baserriak eta indioak hil. Edariak ebatsi eta mozkor arrailak bahitu zituzten neskatilak bortxatuz. Bi neskatilek ihes egin eta salatu zuten bortizkeria. Oihartzun handia izan zuen gertatukoak eta Rondo koronelak berak eskatu zizkion Sarrateari esplikazioak. Baina honek dena ukatu zuen, gudari desertore baten ekintza izanen zela argudiatuz. Gertaera zital honek ia suntsitu zuen Sarratearen karrera politikoa. Baina Sarratea- Altolagirre familien indarra ikaragarria zen eta iraultzak alde behar zituen. Gainera familia hauek ingelesekin harreman komertzial handia zeukaten eta ingelesen laguntza behar-beharrezkoa zen independentzia lortzeko. Bertze aldetik Sarratea ezinbertzekoa zen ingelesekin negoziatzeko, batez ere abila zelako eta hizkuntzak menperatzen zituelako.

Berriro bidali zuten Sarratea Brasilera bakea negoziatzera baina oraingoan ere ez zuen arrakasta handirik lortu.

1.814an Iraultzaileek gatazkak gainditurik Madrilera bidali zuten Sarratea Espainiako gobernuarekin bakea negoziatzera. Autonomia baten truke metropoliaren jabegoa onartzeko prest zeuden. Baina Madrilen traidoretzat zuten eta Londresera ihes egin zuen. Rivadivia eta Belgrano misio diplomatikoan zeuden Londresen eta haiekin errefuxiatu zen. Hemen ere ekintza xelebre baten mezulari izan zen. Argentina herri ikusgarria nahi zuten, eta errege baten beharra zeukatela uste zuten. Francisko de Paula Fernando VII.aren anaia zen aukeratua. Negoziazioak nahiko aurreratu zituzten. Konstituzioaren aurre-proiektu bat eta guzti idatzi zuten. Baina honek azkenean gibelerat egin zuen eta orduan bahitu eta bortxan Buenos Airesera eraman eta errege egitea otu zitzaien. Gezurra badirudi ere ideia garaian nahiko onartua izan zen Napoleon bera eta Jose San Martin ere aukeraren alde zeuden. Ekintzak ez zuen emaitzarik eman, batez ere Napoleon Espainiatik atera eta Fernando VII.a itzuli zelako.

Londresen Belgrano eta Rivadiviarekin negoziaketa xelebre hau mamitzen zuen aldian gaua giroa profitatu zuen Sarrateak. Garai honetan ezagutu zuen Lord Bairon herri zapalduen babeslea, olerkaria eta intelektual ikonoklasta eta adiskide minak egin ziren.

1.815ean Pueyrredón Buenos Airesen iraultza lehendakariek deitu zuen eta ministro izendatu zuen. Baina denbora guti barru traidore izatea leporatu zioten. Eta Uruguaira espetxeratu zuten. Politika utzi eta Lujanen erretiratu zen. Ezkondu zen Josefina Marinekin eta hiru seme izan zituen. Lurrak erosi eta labrantzan jardun zuen. Gaur egun bere ondorengoek jarraitzen dute aziendarekin.

Berriz ere deitu eta 1.820an Buenos Aireseko gobernadore izendatu zuten. Errepublika berri garaian bakea lortzeko pauso zehatzak eman zituen. Guda zibila amaitzeko probintzietako Jauntxoekin tratu bat sinatzea lortu zuen.

El Tratado del Pilar Dokumentua berak idatzi zuen. Hiru puntu garrantzitsu zeuzkan dokumentuak
Lehenengoa- Nazioaren batasuna ageriko egin.
Bigarrena- Probintzietako autonomia baieztatu.
Hirugarrena- Gobernua federala deklaratu.

Ez zen erraza izan negoziaketa. Dokumentu ofizialaz aparte bertze txosten bat isilpean sinatu zuen jauntxoekin. Dokumentu honen bitartez armamentua ematen zien probintzietako arduradunei. Militarrak jabetu zirenean bere aurka egin zuten, eta ezin izan zituen kontrolatu. Kargua utzi eta Artigas bere betiko etsaien aurkako gudara joan zen eta zapaldu zuen. Ekintza hau izan zen bere arrakasta pertsonalik handiena.

Politika utzi eta berriz ere bere aziendan zegoela Rivadavia Buenoa Aires Republikako lehen presidenteak deitu zuen 1.826an eta Londresera bidali zuen Argentina enbaxada buru. Uruguai eta Buenos Aires arteko betiko liskarrari bukaera eman zion. Lord Strafordrekin negoziatu zuen bi herrien segregazioa. Gero Parisen ireki zuen Argentinako enbaxada, garaiko kargu garrantzitsuenetakoa. Negoziatzen jarraitu zuen baina bere herriaren bakea ez zuen ezagutu. 1.849an Euskal Herritik itzuli bat egin ondoren Limogesen hil zen. Gorpua Buenos Airesera eraman zuten.

Manuel Sarrateak Buenos Aireseko kale eta enparantza bati izena ematen dio. Anitz eskribitu zuen, kaligrafia polita zeukan. Adituak, dekretuak, akta ofizialak… pertsonalki idazten zituen. Iraultza kideekin ere korrespondentzia handia mantendu zuen. Argentina errepublika berriaren enbaxadore dotorea. Bakearen ideiari handia. Nahiz eta bere ekintzak zuri-beltzak izan, orokorrean aitzindari bat izan zen. Argentina nazioaren sorrera zalapartatsu hartan ez zuen amore eman eta deitzen zuten aldiro han egon zen. Intentsitatez bizi zuen iraultza. Azkenik Parisen bere bulego erosoan nostalgiaz behatuko zuen gibelerat, eta, batek daki, agian nostalgiak berak mugiturik eginen zuen Euskal Herritik azken itzulia.

1.816an deklaratu zuen Argentinak independentzia. Espainian Fernando VII.ak gobernua eskuratua zeukan eta armada bidali zuen Platara. Independentistak Tucamanen bildu ziren ezkutuan Francisca Bazanen etxean. Hiriko etxerik handiena zen eta barruan pareta batzuk bota zituen Franciscak bilerak egiteko. Independentzia akta hiru hizkuntzetan egin zen. 1.500 ale gaztelaniaz, 1.000 quechuaz, 500 aymaraz. Francisca Bazanen etxea monumentu historikoa da. Guerra zibilak urte asko luzatu ziren . Milaka gudari hil ziren, gehienak larru- beltzak. Nagusiek jopuak bidaltzen zituzten gudara eta hauek heroikoki defendatzen zuten nagusiaren aberria. Anitz izan ziren bizia eman zutenak. Gehiegi, kontutan hartzen badugu Argentina dela Hego Amerikako herririk zuriena.

1.813an eman ziren jopuak askatzeko lehen pausoak. Hortik aitzina sortzen ziren afrikar umeak libreak ziren, nahiz eta hamasei urte beteraino nagusiaren etxean bizitzea behartuak egon.

Martin Sarrateak hamabi ume izan zituen. Adinez oso nagusi hil zen. Bere etxeak, 1.788an eraikina Venezuela kalea 469an, oraindik iraun du. Kolonial estilokoa, sabaia teilatua, ate eta leihoak zurezkoak, denetara hiru mila metro koadro, erdian patio ederrarekin. Bere alaba Juana Sarrateak heredatu zuen, ondorengoak Estrada familiak jarraitzen du etxearekin. Fatxadan oroigarri bat dauka. Eta horrela dio.

“A don Santiago de Liniers jefe de la Gloriosa Reconquista y heroica defensa de Buenos Aires. 12 de agosto de 1.806- 5 de julio de 1.807”. Monumentu historikoa da.