martes, 14 de febrero de 2012
CAMILA ETA LADISLAO BI AMOROS IHESLARI
CAMILA ETA LADISLAO BI AMOROS IHESLARI
Mutila apeza zen; neska, familia nagusi bateko alaba. Orduan, egoera haietan jartzen ziren muga guztien gainetik igaro eta maitemindu egin ziren, bai eta amodio hartan erre ere. Bikotea fusilatzeko agindua eman zuen Juan Manuel de Rosas lehendakariak, neska haurdun zela ongi jakin arren.
Socorro eliza, Suipacha y Juncal herrian, izan zen zoritxarreko amodio horren hasieraren testigu. 1847. urtean, eskandalu ikaragarria sortu zuen gertaera hark Buenos Aires inguruko herri burges, dotore eta lasai hartan.
Amatxirengandik heldu zitzaion sedukzio artea Camila O´Gorman, hemeretzi urteko neska eder eta nortasun handikoari, Ana Perichon, Santiago Liniers erregeordearen maitale izan zena, baitzuen amatxi. Leinu porteño zahar batekoak ziren jatorriz O´Gormandarrak, eta Rosas lehendakariaren beraren lagun handiak: Camilaren adinekoa eta lagun mina zen, hain zuzen ere, haren alaba Manuela Rosas.
Tucumanetik etorria zen Ladislao Gutierrez, Socorro elizara apez. Hogeita lau urteko mutila, azkarra, hiztun ona eta atsegina. Amaren jatorri aimarari ohore eginez, larru beltzaran, begi bizi eta ile beltz kizkur ederren jabea zen. Berehala erreparatu zion apezak Camilaren xarmari, eta Eduardo O´Gorman anaiaren apez-laguna zenez, arazorik gabe ezagutu zuen neska.
Bizitzako sasoirik hoberenean zeudelarik, maitasunaren eromenean galdu ziren neska eta mutila. Elizan ikusten zuten elkar, fedearen aurrean zituen zalantzak azaltzen zizkion neskak, eta bereak ere bazituela hauteman zion mutilari. Astunegia zitzaion zelibatoaren zama. Astuna eta zentzugabea, naturaren aurkakoa. Jainkoa nonbait izatekotan, hark berak emana ziokeen maitatzeko ahalmena. Bazuen gibelerat jotzeko eskubidea, eta eginak zituen botoek ez zuten egoera berri hartan balio. Berritik hasiko zuen bizia. Maite zuen emakumea Jainkoaren aitzinean eginen zuen berea, argi asko baitzekien munduaren aurrean ezinezkoa izanen zela.
Biziki maitemindua zen Camila, ezin zuen gizon hura gabe bizi. Eta ihesa prestatzen hasi ziren. Zakuto batean arropa batzuk, jateko zerbait eta ahal izan zuten dirua bildu ondoren, bi zaldi hartu eta Lujan aldera atera ziren 1847. abenduaren 12an. Lujanen, tokia utzi zien ostatu-jabe batek etxearen gibeleko belaian, eta izarpean elkarrekin lo egin zuten lehendabiziko aldiz.
Hamar egun geroago, gobernadorearen aurrean salatu zuen Adolfo O´Gormanek “egundaino ezagutu ez den ekintza ikaragarri” hura. Eta “nornahik miserable, zorigaizto, dohakabe horiek nonahi aurkiturik ere, ekar ditzala” eskatu zion Medrano apezpikuak gobernadoreari, “justiziak agintzen duen arabera zigortuak izan daitezen”.
Zortea lagun zutela itxuraz, 1847ko otsailean paperak egin zituzten gazteek nortasun faltsuekin, bai eta pasaportea ere Brasilera joateko asmoz. Baina dirurik gabe gelditu ziren eta, Goya izeneko herri ttiki batean haur eskolarik ez zegoela ikusirik, eskola bat antolatu zuten aurrezki batzuk osatu nahian. Lau hilabete iraun zuten bertan, uztailean apez bat agertu eta Ladislao ezagutu zuen arte. Argiaren abiaduran zabaldu zuen albistea: biharamunean bertan atxilotu eta inkomunikatu zituzten, gobernadorearen aginduz.
Gertatuaren berri jakin zueneko, atxilotuak Santos Lugares, garai hartako espetxe gogorrenera, karro banatan eramateko agindu zuen Rosas lehendakariak. Ikara betean ziren maitaleak, euren artean eta munduarekin ezin hitz egin zezaketela. Hala eta guztiz ere, Manolita Rosasi gutun bat helaraztea lortu zuen Camilak. Abuztuaren 8an erantzun zion lehendakariaren alabak, biziari gogor eusteko eta itxaropena ez galtzeko eskatuz eta, arazoa konponbidean zegoela adierazi ondoren, Buenos Airesa lehenbailehen itzuliko zirela adieraziz. Liburu batzuk ere bidali zizkion Ladislaori. Aldi berean, komentu baten bila hasi zen Manuela bere lagunarentzako. Baina Rosasek ez zuen bikotea Buenos Airesen nahi, atxilotuak errazago defendatuko baitziren beharbada hiriburuan, eta hain gutxi bere alabaren erruki-eskaerei erantzun. Bestalde, “egin zuenagatik ez zegoela damuturik, Jainkoarekin bakean zela” aitortu zuen Camilak espetxean. “Noraino ailegatu behar dugu, emakume izanik Jainkoarekin zuzenean komunikatzen hasten badira? Lutero usaina dario… arras arriskutsua da auzi hau” , erran zuen lehendakariak. Zalu eta zehatz ibiliko zen.
Argi-hastean ailegatu ziren gobernadorearen gudariak. Zaldi-trostan eta, beti egiten zuten bezala, zarata ikaragarrian, ate joka, oihuka… Apelazio edo defentsarako aukerarik eman gabe, bikotea fusilatzeko agindu zuen Rosasek. Orduan, zaldiak lehertzeko zorian bidali zituen espetxeko zuzendariak bi zaldun, lehendakariari neska haurdun zegoela gaztigatzera. Bertze bi igorri zituen Manuelarengana, mezu berdinarekin. Manuelak, ordea, egundaino ez zuen mezu hura jasoko.
Eguzkia oraindik apal, konfesatzeko aukera eman ondoren, zapi banarekin estali zizkieten begiak bi akusatuei. Eserleku banatan lotu eta gero, bi hagaren gainen eraman zuten lau gudarik atxilotu bakoitza espetxeko patiora, soinu banda eskoltan zutela.
Luzea egin zitzaion bidea Camilari. Ostikoka sumatzen zuen umea sabelean, bi eskuekin laztantzen zuen haurtxoa, eta haren bihotzaren taupadak, “tap… tap… tap…”, sumatzen zituen. “Ninia ez! Ninia ez! Ez iezadazue ninia hil!”, errepikatzen zuen behin eta berriz oihuka bere indar guziekin. Baina inork ez zion aditzen, soinu-joleen doinua bikoiztu egin zen espetxeko korridorean. Hain zen estua eta apala, ezen kobazulo bat ematen zuen. Hurbilean sumatzen zuen Ladislao, bere maitea, haren ahatsa, haren usaina… Bere gizona zen eta harengana luzatzen zuen eskua, baina itsuek egiten duten modura, zortea tentatuz. Oihuka aditzen zuen gizona, ero baten moduan. “Hil nazazue, baina utz ezazue bizirik nire emaztea, eta nire haurra! Ez ezazue nire semea hil!”, errepikatzen zuen behin eta berriz ikaragarrizko doinu lazgarrian.
Antzerti batean bezala ari zen hogei urtetan bizi izanikoa ikusten. Ama, beti dotore, etxea zuzentzen, zerbitzua gobernatzen. Aita beti bere negozioetan, etxera opariekin itzultzen aldiro. Familia arteko bazkariak, bazkalondoko egonaldiak. Anai-arreben arteko jostetak. Ingeles klaseak, piano ikasketak,… Jostunak egiten zizkion soinekoak, hamabortz urteak ospatzeko egin zion arrosa koloreko hura bereziki, benetan polita, muselinaz landua, bere lehen emakume-soinekoa, maukarik gabea eta bular erdia agerian uzten zuena. Eta amak elizara joateko erosi zion foulard loreztatu hura, emakume bati bezala ilea estaltzen ziona. Hasia zen ordurako mutilen begirada sumatzen eta anitz gustatzen zitzaion.
Lehendakariaren etxeko baratzean egiten zituzten bestetara joaten hasi zen egun haiek oroitu zituen. Eta Manuela lagunarekin batera mutilekin irrika ibiltzen ziren egun haiek…
Ongi oroitzen zuen Ladislao herriko elizara apez etorri zenekoa. Ordura arte, amarekin joana zen beti elizara, gogo anitzik gabe. Baina apez berriarekin gero eta atseginago egiten zitzaion meza, anitz gustatzen zitzaizkion haren sermoiak…
— Nire ninia! —min egiten zion, sabela lehertu nahian— Nini maitea! —umea laztantzen negar, negar, eta negar.
“Camila neurea, badakit neurekin hiltzera zatozela. Munduan ezin izan dugu elkarrekin bizi, zeruan bilduko gara betiko Jainkoarekin. Maite zaitut. Zure Gutierrez”. Oihuka bidali zion azken agurra bere maiteari, baina Camilak nekez adi ziezaioken, negar-zotinka etsipenak jana baitzegoen gaixoa…
Gazteak patioaren erdian utzi eta fusilak kargatu zituzten zortzi borreroek. Gero, alde batean jarri eta, danborren arrada ikaragarrian, lau tirok kasatu zuten Ladislao, eta hiruk Camila, huts egin baitzuen laugarrenak. Hemezortzigarren eguna zuen 1848ko abuztuak. Camilak hogei urte zituen, eta haurdunaldiko zortzigarren hilabetean zegoen.
Ondorio larriak ekarri zituen gertaera honek, behera etorri baitzen haren ondorioz Juan Manuel de Rosasen gobernua.
lunes, 13 de febrero de 2012
ILOTZAK SURAT
HILOTZAK SURAT
Indiako zazpi hiri sakratuetako bat da Varanasi, Ganges ibaiaren ertzean. Kashi (“guztiz ederra”, “eguzkia bezain distiratsua”, hindi hizkuntzan) zeritzan antzina, eta K.a. 3100. urtean eraiki zuten, Shiva jainkoaren malko bat erori zen lekuan hain zuzen ere.
Honela idatzi zuen (bere garaian) Mark Twain idazle satirikoak:
“Historia aitzinekoa da Varanasi, tradizioa baino antzinagokoa, elezaharrak berak baino lehenagokoa, eta horiek guztiak batera baino bi aldiz zaharragoa dirudi”.
Beraz, inpresio handia eragiten duen hiria da. Bi miloi biztanle ditu, baina baliteke denak erroldatuak ez egotea. Egunero ailegatzen da jendea hirira, garraio mota guztiak erabiliz. Anitz ez dira gehiago etxera itzuliko, batzuk sosik gabe geldituko direlako, bertze batzuk ibai ertzean hil nahi dutelako. Hinduistak bizian behin joan beharreko hiria denez, mota guztietako jendea biltzen da bertara. Eta hantxe nahasten dira kasta guziak, aberatsak eta eskaleak, gazteak eta zaharrak. Animaliek ere badute beren tokia; jendearen artean bizi dira, bertzeak bertze, behiak, zakurrak, bufaloak, basurdeak eta ahuntzak. Varanasin kalean egiten da bizia, usaina, kolorea, erritmoa, asotsa eta kutsadura dira han garaile, eta horien guztien gainetik errezoak, abestiak eta erreguak.
2.510 kilometro luze da Ganges, “Jainkosa Ibaia”, munduko ibai kutsatuenetako bat. Haren ertzetan milaka hilotz erretzen, eta errautsak urera segidan jaurtitzen, dituzte egunero. Hinduisten artean deus ez da hala ezaguturik, nola baita beren hilez hartzen duten arreta berezia. Badakite heriotzarekin arima galtzen ez dela, eta bertan gelditu den gorputza berriz arimarekin bat egin beharra dela. Nonahi prestatzen dituzte egur-metak hilotzak gainean hartzeko prest. Hildakoa gizonezkoa bada, haren ondoan egoten da andre alarguna, kaskamotz eta zuriz jantzirik. Ingelesak Indiara ailegatu baino lehen, senarrarekin batera erretzen zuten emaztea. Gero, izugarrikeria hori debekatu zutenean, ibaiaren bazterrean gelditzen dira andre alargunak hil arte. Seme zaharrenak pizten du su-txondorra, eta ondoan gelditzen da, jite agurgarrian, amatatu arte.
Bufaloak uretan bainatzen ari diren bitartean, ibai bazterrean biluzten da jendea eta, arropa garbitu eta eguzkian hedatu ondoren, bainatu eta jantzi egiten da berriro. Erromesak fede handiz bertan bainatzen ari diren bitarte horretan, kometak zerurantz astintzen aritzen dira haurrak, bizar mozten barberak, eta zein bere egitekoan gainerako guztiak: masajistak, sukaldariak, saltzaileak, erosleak, turistak…
Surrealista xamar gertatzen da hau guztia nire antzeko baten begietan. Alabaina, erlijio bat baino areago, bizimodu bat da hinduismoa. Hinduisten sinesteetan ez dago sortzailerik, hinduismoak ez dauka elizarik, ez eta gidaririk ere. Veda testuetan ageri diren herri gurtzeak, ohiturak eta sinesmenak dituzte hinduistek bere erlijioaren funts eta oinarri. Betikoa da Veda , ez du hasierarik ez bukaerarik. Milaka urtetan zabaldu da, ahoz aho. Testuak berandu idatzi ziren, K.a. 700. urtearen inguruan, baina ahozkoa da benetako Veda , bere doinuak ditu eta gauzak horrela direla irakasten diete maisuek ikasleei. Mila milioi jarraitzaile ditu hinduismoak, eta 330 bat milioi jainko gurtzen dituzte haren jarraitzaileek aldi berean, mota askotako jainkoak eta jainkosak baitituzte: piztiak, zuhaitzak, mendiak eta ibaiak, loreak, lurrinak, koloreak… Izena duen guztia da gurgarria. Egunerokoan bizi dituzte hinduistek jainkoak.

Suscribirse a:
Entradas (Atom)