lunes, 8 de octubre de 2012

ZUGARRAMURDI



Mattin, maitea, zato nirekin, dagoeneko zutik joana zara? Ekarri musu handi-handi bat laztana.
Etxeko larrainean zegoen Mattin ortutsik eta ipurdia laxo. Mayik haurra sehaskan utzia zuen etxetik joan zenean eta orain muttiko koxkor bat zen.
Hara non datorren Kattalin, nire ahizpa kuttuna, etorri polita. Bi haurrak besoetan sartu zen Mayi etxeko sukaldean.
Joxepak eskuak mantalean garbitu eta begiek busti-busti eginda alaba besarkatu zuen:
Ene! Nire maitea, zein polita zauden!
 Esku batekin neskaren ilea laztanduz, bertzearekin erortzen ari zitzaion malko bat zukatu zuen.
Anai arrebak lurrean eseri eta Mayiren poltsa miatzen hasi ziren.
 —Zer ari zarete deabrutxo horiek? gozoki bila? Ekarri poltsa hori.
 Mayik eskuak bertan sartu eta zakuto bat gutizi atera zien. Gero, soineko bat atera eta:
 —Begira, ama zein soineko polita oparitu didan etxekoandreak, pazko egunean estreinatuko dut.
Joxepak, soinekoa eskutan hartu, begi-lagunak paratu eta behatu zuen, gibeleko alde ere.
Ba, ongi bukatua dago eta oihala ere ona dela ematen du; baina konta iezadazu, laket zara Ziburun? Ongi zaintzen zaituzte? Galdezka hasi zen ama.
Bai, bai ongi nago, lagunak ere baditut, eta hondartzara joaten gara... Baina, hori usaina ona!
 Erantzun zion Mayik txuritabeltza egiten ari zen lapikoaren tapa goratu eta ia sudurra bertan sartu ondoren.
Etorri, busti bana hartuko dugu— erranez bi ogi pusketa lapikoan sartu eta  mahaian jarri zituen amak..  
Ama alaba mahai inguruan eseri eta kontu kontari hasi ziren
Hondartzan kontuz ibiltzen zaretela pentsatu nahi dut, gauzak nahasiak daudela jakinen duzu ezta?
 Erran zion amak ahots apalez.
Lasai, ama markesaren alaba ere gurekin joaten da…
A………………………. Hasperen egin zuen amak.
Larrainako ataka sumatu zuen Joxepak eta.
Kattalin lagun iezaiozu Mayiri mahaia paratzen, aita aziendak gobernatu eta badator bazkaltzera. Agindu zien alabei.
Ama garizuman gaude, ezin dugu haragikik jan! — Iradoki zion albak
Zaude isilik, apez kontuak dira horiek, aise erraten dute horiek, badugu bai barau egiteko denbora franko urtean zehar— Erantzun eta sorbaldak harrotu zituen Joxepak. —Monasteriokoek zernahi bildots erosi dizkigute aurten, eta denak garbiak nahi dituzte, barrenak nolabait profitatu beharko ditugu ba  neska”. 
Urte bete zeraman Mayik Ziburun neskame. Betiko bere lagunekin egoteko irriketan zegoen. Elizaren arkupetan Maritxu eta Teresekin eseri eta hiru lagunak mutil aferaz solasean egin zuten ia arratsalde osoa. Pazko agindua betetzeko konfestera joan beharrak ziren, eta ez zuten herriko apezarekin egin nahi. Herria ttikia zenez denak ezagutzen zuten elkar, eta lotsa ematen zien herriko apezari mutil kontuak azaltzea. Urdazubiko monasteriora joatea erabaki zuten.            


.Urdazubi Zugarramurditik hiru bat kilometrotara dago. Neskek alai egin zuten bidea, konfesatu behar zituzten bekatuak aztertzen aritu ziren, ez zekiten zehazki zer zen bekatu eta zer ez. Mayiri egun batean mutil batek titi muturrak ukitu zizkion, eta berak matelezurreko bat eman bazion ere, gustatu ere gustatu zitzaion. Sabela oinaztura antzeko batek gurutzatu baitzion. “Bekatu ote zen hori? Lagunak baietz erraten zioten, gustua eman bazion bekatu zela. Ba, horrela bazen hori konfesatuko zuen, ez zitzaion bertze gauzarik otutzen, eta konfesatzera esku hutsik joate ere…
Monasterioa erdi ilun zegoen, argizari kandelek ematen zuten argi hitsa eta tristeak argitzen zuen elizaren erretaula eta inzientso usaina ia zorabiatzekoa zen.  Kofesategiak elizaren alde bitan zeuden, eskuineko aldean gizonezkoenak eta ezkerreko aldean emakumezkoenak. Bi aldetan ilara handiak zeuden, neskatilak ilaran belauniko itxaron zuten bere txanda. Mayi  kofesategiaren saihetsean, burdin sare batez babestutako    leihotxo baten aitzinean belaunikatu zen./ Agur Maria bekaturik gabe ernaldua /     Agurtu zuen Mayik. /Jaikoren bakeak dagizula / erantzun zion apezak.          
Nor zaitut?” “Non bizi zara?”  “Zu zara Ziburun bizi zaren Ximildegiko alaba?” Felipe Zabaleta Apezak ez zion mintzatzeko aukerarik ere ematen. Neska aztoratu zen, eta ez zuen gizonaren galderak erantzun bertzerik egin. Eta horrela aitortu zuen Ziburuko hondartzetako akelarreetara maiz joana zela, eta pare bat aldiz Ziburutik Zugarramurdiko Berroskoberro belairaino hegaz etorria zela, bertan egiten ziren meza beltzetan egona zela. Akerrarekin dantzan ibili eta haren ipurdia musukatu zuela ere.
Apeza, aitortutako bekatuen handitasunaz mintzo zitzaion. Eta behin infernura kondenatuz gero betiko da gaua, luzea, eta beltz izugarria, sekulan argitiko ez dena, eta ez dena akabatuko. Ze pena eta ze dolore, argitiko ez den gaua hartan. Ez hemengo eriak bezala ohatze bero onean, baino, labe gorri beroan, sugar gogorrean sekulakotzat. Gar eternalean. Hemen den penik ttikienak su izpi batek kilikatzen gaitu, zer izanen bada, su eta garrez kanpoan eta barnean, arima eta gorputza hartua, inguratua, eta burdin gorritua bezala sututa bagaude.
Baina bada ere jainkoa erruki emailea, eta hari erregu egin behar diogu. Barka gaitzazu gure zorra, guk zor digunari barkatzen diegu bezala,(zuk herriarekin zor handiak dituzu)  Eliza Santuaren bidez, hemen baitaude Haren ordezkariak, kristauek bide zuzena jarrai ditzaten gidatzeko. Behar duzu jaikoarekin bakean jarri, handiak dira zure bekatuak. Nik barkamena ematen dizut, baina barkamenak bere penitentzia dauka, eta zurea, niri aitortu didazun guzia hurrengo  igandean meza nagusiaren hondarrean    herriko jendearen aitzinean dena aitortzea izanen da.
Mayi zorabiatuta atera zen elizatik, ez zekien nor zen, non zegoen, izutua, negarra egin nahi zuen. Lagunak itxaron gabe etxerako bidea hartu zuen. Belaiak gurutzatuz, bidezidorrez bidezidor, joan zen etxera inork ikus ez diezaion. Etxean berehala ohatzean sartu zen. Ama etorri zitzaion eta neskaren begiak hanpaturik ikustean larritu zen:
Zer duzu nire maitea, ez zaude ongi? —Galdetu zion amak.
Nekatua nago ama, pasako zait, buruko minez nago, pasako zait…
Esne bero bat ekarriko dizut.
Ez ama, hertsi leihoa arren, ilunpetan nahiago dut.
Joxepa sukaldera itzuli zen, Martin bere senarra mahaian afari-merienda egiten ari zen eta emazteari galde egin zion:
 —Zer dio neskatikoak?- ez dago ongi ala?
Ez dakik, negarrez aritu da eta buruko minez dela eta, lo egin nahi duela,  leihoa hersleko erran dit.
Urdazubin konfesatzen egon da –ezta?
Bai, asmo horrekin atera da etxetik, lagunekin joatekoa zen nonbait…
Ezta ba, trabatua egonen...
Ez dut uste, goizean hileko etorri zaiola erran dit...
Ba, horrela bada pasako zaio.
Senar emaztea lasaiago gelditu zen.
Ostegun gaua  zen, Mayik ez zuen lorik egin, ezta ostiralekoan ere, infernuko sugarrak erretzen  baitzioten. Larunbata luzea egin zitzaion, eta gaua buka ezina. Harrak barrenak jaten ari zitzaion. Harako ikaragarrizko leize baten barnean, ze, ke ilun batean murgildurik balego, amatxirekin topatu zen, sugarrak kiskaltzen ari zitzaion, eta  lazgarria zen haren oinaze oihua;  eskua luzatzen zion, Mayik gibetat egiten zuen, eta amatxiren eskuak jarraitzen zion, eta jarraitzen zion…
Goiz jaiki zen Mayi eta belar batzuk hartzera joan zen, asma belarra, pasmo belarra eta berbena batzuek egosi eta haien zukua hartu zuen. Gero, soineko berria jantzi eta elizara joan zen. Pazko eguna zenez herri guzia han egonen zela bazekien. Ez zen bere ekintzen jabe, aldez aurretik idatzitako gidoi bat jarraituko balu bezala sentitzen zen. Meza ondoan, elizako arkupetan sorgina zela aitortu zuen, eta bera bezala sorginak ziren hainbat lagun salatu zituen. Herritarren artean ikaragarrizko liskarra sortu zen. Martin Ximildegikoak alaba besotik hartu eta etxera eraman zuen. Biharamunean, oraindik argitu gabe iparraldeko bidean ikusi zituzten Mayi eta bere aita. Inoiz jakin ez den komentu batera alaba eraman  zuen.
Mayi Ximeldegi Zugarramurdiko alaba Ziburun neskato 1609an Bazko agindua betetzeko etxera itzuli zen.
Herriko sorginek lekukoa hartu eta bazterrak astindu zituzten. Urdazubiko prioreak Logroñora gaztigua egin zuen…